Sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek urriaren 7ra arte izango dute euren ideiak aurkezteko aukera.
Abian dira Durangoko Azokaren 59. ediziorako prestaketa lanak Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetarako. Abenduaren 5etik 8ra bitartean ekintzaz josirik egongo dira espazio horiek, euskal kulturaren erakusleiho bihurtzeko. Hain zuzen, irailaren 16tik urriaren 7ra bitartean egitaraua osatzeko proposamenak egin ahalko dituzte sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek. Horretarako, webgune honetan izen-emateak atalean erregistratu beharko dute ekarpena.
Ahotsenearen kasuan, orain arteko hautaketa prozesua moldatu egingo da aurten. “Proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango, eta epearen barruan aurkeztuko diren eskari guztiak baloratuko dira. Gero, antolakuntzaren irizpideen arabera galbahea eginda esleituko da lekua, gainerako guneetan bezala”.
Euskarazko ekoizpenak plazaratzeko balioko du egitarauak. Ahotsenean 2024an argitaratutako liburu eta diskoek izango dute lekua; Irudienean aurten ekoitzitako ikus-entzunezkoek; Kabian teknologia berriek; Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musikak; Szenatokian dantza eta antzerki pieza laburrek; Talaian literaturaz aparteko lanek, euskara hutsekoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Horretaz gain, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan ere antolatuko dira ekintzak azoka egunetan.
Ikasle Goiza
Aurten abenduaren 5ean izango da Ikasle Goiza, eta bertaratu nahi duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera izango dute astelehenetik aurrera. Azoka bisitatzeaz gain, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Horrela, kultur sorkuntza ezagutu bakarrik ez, esperimentatu ere egingo dute. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzendurik egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat ere zabalik egongo dira.
Azoka aurretik, aurten ere martxan egongo da PortaDA erronka. LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortu beharko dituzte. Ikastetxe onenek saria jasoko dute: Musika eskoletan programako saio bat. Azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.
Amaitzeko, Azokaren osteko egunetan Zu non han DA! ekimena helduko da Euskal Herriko liburu-dendetara. Azokako nobedadeak egongo dira zaleen eskura, eta liburu aurkezpenak ere egingo dira. Ekimenera batzeko interesa duten saltokiek ere izena eman beharko dute irailaren 16tik aurrera. Idazleen txanda geroago helduko da.