Durangoko Azokako playlistak euskal musikako azken nobedadeak bildu ditu

75 banda baino gehiago entzun daitezke Durangoko Azokako 57. edizioaren musika-zerrendan. Euskal musikako azken nobedadeak Badok atarian eta Spotify plataforman topatu daitezke.

Prest da jada Durangoko Azokako 57. edizioko musika-zerrenda. Lehenengo aldiz, Azokako playlista Badok atarian entzungai egongo da, eta bertan euskal musikaren azken nobedadeak entzun ahal izango dira. Hala, Azoka heldu baino lehen, musikazaleek euren talderik gustukoen azken kantak entzun ahal izango dituzte, eta ezagutzen ez dituzten banda berriak ezagutzeko aukera izango dute.

Guztira, 75 talde baino gehiago bildu ditu Azokak bere zerrendan. Kulturaren plazako egitarauan gertatzen den bezalaxe, aniztasuna da musika-zerrenda honen ezaugarri nagusia. Talde hasiberriekin batera, hainbat talde ezagun topatu daitezke: Gatibu, Zetak, Izaro, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Liher, Ruper Ordorika, Ines Osinaga, Delirium Tremens, Kokein, Merina Gris, Mikel Urdangarin edota ETS.

Musika-zerrenda hau astero eguneratuko da, taldeek euren abesti berriak publikatzen dituzten heinean. Badok atarian entzungai egoteaz gain, azken urteetan bezalaxe, Azokak musika-zerrenda osatu du Spotify plataforman, kontu horretan abestiak igo dituzten musika taldeekin.

Horretaz gain, Durangoko Azokak edizio honetako iragarkia ere aurkeztu du. Spotean Landakogunea hutsik agertzen da, eta gazte batek koloretako eztanda egingo du gitarra eta bozgorailu batzuekin, eztanDA! aurtengo leloarekin jolastuz. Iragarkiko protagonista Uma Bracaglia aktore durangarra da, eta iragarkiarekin Azokak aurten euskal kulturak bor-bor izango dugula irudikatu nahi izan du, bi urteko ez-ohiko edizioen ostean.

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra ospatuko da aurten, eta aurrez aurreko plaza izateaz gain, online dendari ere eutsiko dio (hilaren 7tik 10era kasu honetan). Urtero bezala, hamaika kultur jarduera izango dira Durangon: disko aurkezpenak, solasaldiak, proiekzioak, antzezlanak… Azaro amaieran aurkeztuko du Azokak egitarau osoa.

Zabaldu: