Abenduaren 5etik 8ra izango da aurtengo edizioa. Bertan, oso presente egongo da Palestina, “bai prestaketan zein azokako egun guztietan genozidioa behin-betiko gelditzeko deia luzatuko dugu”, adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak.
60. Durangoko Azokaren mezua eta iruditegia aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur, Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunak izan dira, besteak beste. Durangoko Azokaren sortzaile eta bultzatzaile guztiei eskerrak emanez hasi du hitzaldia Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, eta aipamen berezia egin dio Izaskun Ellakuriaga Bustinzari, urte luzez Durangoko Azokaren antolakuntzan ibilitako Gerediaga elkarteko lankide ohiari. “Dakizuenez uztailean joan zitzaigun, eta, beraz, sarrerako hitz hauek berarentzat dira. Aurtengo edizio honetan hogei urtez euskal kultura sustatzeko eginiko lana gogoratu eta aitortuko dugu”, azaldu du.
Aurtengo edizioa abenduaren 5etik 8ra izango da eta Gaztelurrutiak 60. aldia bizi dugun testuinguru kezkagarri eta gatazkatsutik salbu ez dagoela aipatuz ekin dio hitzartzeari. Hala, gogora ekarri du ez dela erraza jaialdi bat prestatzeko “grinari” eustea “samina barreiatzen ari den” aldi honetan. Horregatik, aurtengo Durangoko Azokan oso presente egongo da Palestinako herria. “Bai prestaketan zein azokako egun guztietan genozidioa behin-betiko gelditzeko deia luzatuko dugu”, ohartarazi du. “Kultura kritikotasunari eta irudimenari ateak irekitzea ere badenez, gure ekimenak balio dezala mundu justuago eta gizatiarrago baten aldeko bidean elkartzeko”.
Kulturaren jaialdia
60 urteko ibilbidea egingo du aurten Durangoko Azokak, baina data borobil baten ospakizunean zentralitatea jarri beharrean, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean jarriko du arreta. Hala azaldu du Gaztelurrutiak: “Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin”.
Aurtengo edizioari lotuz, bi berrikuntza nagusi aurkeztu nahi izan ditu oraingoan. Batetik, azkenaldian urtero asmatu den leloaren dinamika eraldatu eta, hemendik aurrera, geratzeko etorri den lerroburu edo claim berri bat sortu dutela adierazi du: Kulturaren Jaialdia. “Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia da, adierazpide artistiko asko batzen dituelako, euskarazko eta tokiko sorkuntza, artistak eta zaleak protagonista harturik. Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia da topaketa profesionala eta herrikoia delako, eta herritarrei nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen dielako”. Gainera, kultur eredu herritarra izatea nabarmendu du Gaztelurrutiak: “Kultur eragileek antolatua, sektoreko profesionalekin elkarlanean eta erakunde publikoen laguntzarekin. Horrek guztiak egiten du Durangoko Azoka kulturaren jaialdi”, berretsi du.
Unibertso bisual oso bat
Aurten, Durangoko Azokak ez du kartel bakarra izango: “guztiak izango ditu”. Halaxe azaldu du Iratxe Reparaz aurtengo iruditegiaren egileak. Esplikatu duenez, azokak egindako eta egiteke duen ibilbidea oinarri hartuta garatu du aurtengo unibertso bisual berria. “Azoka ezin da irudi bakar batean laburbildu.