(argazkia: Ahotsenea)

Durangoko Azokan ez eze, Literaturian, Araba Euskarazen eta beste jaialdi batean zabalduko ditu ateak Ahotseneak

Aurreko urteekin alderatuta, musika aurkezpenek %50 behera egingo dute eta literatura solasaldiak %80 murriztuko dira Durangoko Azokako sortzaileen gunean.

Covid-19aren krisiaren eraginez, aurtengo Durangoko Azokak murriztu beharko du egitaraua, tartean, sortzaileen gunea den Ahotseneak eskaintzen duena. Aurreko urteetan, batez beste, 70 bat zuzeneko musika aurkezpen eta 40 bat solasaldi antolatu izan ditu. Pandemiapeko honetarako, 8 solasaldi eta 35 bat zuzeneko musika aurkezpen baino ezingo ditu eskaini. Hau da, aurreko urteekin alderatuta, musika aurkezpenek %50 egingo dute behera eta literatura solasaldiak %80 murriztu beharko dira. “Zifra asaldagarri” horien aurrean Ahotseneak aukerak eskaini nahi dizkie Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratuko diren sortzaileei.

Miren Narbaiza Ahotseneako koordinatzaileak gaur, Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, lantaldeak Ahotseneako oinarrizko bi helburuak erdiestea erabaki du: “batetik, sormen lan berriak erakusteko plazak ahalik eta euskal idazle eta musikari gehienei eskaintzea, eta bestetik, ahalik eta herritar gehienek euskal idazle eta musikarien sormen lan horien berri jasotzea”. Horregatik, aurtengo ez-ohiko egoerari erantzuteko asmoz, aukera osagarriak aztertu dituzte. Hala, udazkenean antolatuko diren zenbait ekimenetan, Ahotseneak plaza aurkitzea izan dute helburu, Durangoko Azokan lanak erakutsi ezinik geratu daitezkeen sortzaileentzat.

Aurten, beraz, Durangoko Azokan ez eze, Ahotsenea sortzaileen guneak Literaturian (Zarautz, irailak 25-27), Araba Euskarazen (Amurrio, urriak 18. Bertan behera utzi badute ere, zortzi musika taldek aukera izango dute lan berriak zuzenean aurkezteko) eta oraindik zehaztu ez duten beste jaialdi batean zabalduko ditu ateak.

Ahotseneako kideek azaldu dutenez, parte hartu nahi duten sortzaileek irailaren 14tik aurrera eman ahal izango dute izena www.ahotsenea.eus webgunearen bidez. Bertan jarriko dute informazio guztia.

“Aurten inoiz baino garrantzi handiagoa izango du euskal sortzaileen lanek ahalik eta oihartzun eta irismen handiena izatea. Gure kulturgintza ataka estuan dago, datozen urteak ez dira batere samurrak izango kulturgileontzat eta ahalik eta arinen abiarazi behar dugu elkarrekin lan egiteko dinamika iraunkorra. Ahotsenea kultur elkarteak auzolan, elkarlan, sinergia eta aliantza dinamika iraunkorra abiarazteko asmoa du euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileekin, hala nola sortzaileekin, antolatzaileekin, bitartekariekin, hedabideekin, hezitzaileekin eta zaleekin”.

Zabaldu: