(argazkia: Kultur Sharea)

Durangoko Plateruena antzokia agurtzeko ‘Zilak hautsak’ zikloa antolatu dute

Garik eta Josuk (Hertzainak), Aiorak eta Pitik (Zea Mays) eta Anarik parte hartuko dute, besteak beste, Durangoko Plateruena antzokia agurtzeko antolatu duten Zilak hautsak izeneko zikloan.

Durangoko Berbaro euskara elkarteko kideek jarri zuten martxan Plateruena antzokia 2004ko urriaren 28an. Bilboko Kafe Antzokiaren irekierak piztu zien antzoki bat zabaltzeko ideia bertako kideei, eta, hala, 900 bazkideko kooperatiba bat osatu eta proiektuarekin aurrera egin zuten Landako gunean. Durangaldean euskalgintzaren erreferentzia izango zen gunea bihurtzea zuen helburu proiektuak.

Hala, urte guzti hauetan, aisialdia eta kulturgintza arloko ekintza askotarikoak burutzeko gunea izan da Plateruena, orain baina, ateak itxiko ditu betiko eta bazkideentzat izango diren agur ekitaldiak antolatzea erabaki dute.

Atzo eman zioten hasiera Zilak hautsak zikloari ipuin kontaketa batekin. Gaur berriz, Anari kantariaren txanda izango da arratsaldeko 19:00etan. Abenduaren 29an, asteartea, Parean bai kantaldia eskainiko dute Garik eta Josu Zabalak (Hertzainak), Aiora Renteriak eta Iñaki Imazek Piti (Zea Mays), Imanol eta Jon Ubeda anaiek (Bide Ertzean), Jokin eta Iñaki Elortza anaiek (Sei Urte), Leire Bilbaok, Peru Magdalenak eta Gotzon Barandiaranek. Zuzenekoa arratsaldeko 18:30ean eskainiko dute Plateruenan bertan.

Zikloari amaiera emateko, abenduaren 31n, osteguna, Alegrantziaren bermuta izango da goizeko 12:00etatik aurrera.

Zabaldu: