(argazkia: Ainhoa Resano)

Dxusturi Teatroa eta Horman Poster Shakespeareren obrara hurbilduko dira ‘Rikardo III eta ni’ ikuskizunarekin

Antzezlana Igor de Quadrak zuzendu du eta Eneritz Artetxek idatzi du testua. Artetxe bera, Leire Ucha, Ion Zumelaga aktoreak eta Pette Jaragoyhen dantzaria izango dira taula gainean. Urtarrilaren 15ean izango da emanaldia, Arriaga antzokian.

Euskal antzerkia Bilboko Arriaga Antzokira itzuliko da ostegunean Rikardo III eta ni antzezlanarekin. Publikoa (gehienez ere 100 pertsona) eszenatokian bertan egongo da, izan ere, Dxusturi Teatroak eta Horman Poster konpainiak Shakespeare antzerki zale euskaldunei hurbildu nahi diete. “Asmoa da egileak planteatzen dituen gaiei buruz hausnartzea eta bere obrari ikuspegi garaikide batetik heltzea, elkarrizketa bat sortuz bere garaiaren eta gurearen artean”.

Igor Quadra (Horman Poster) arduratu da zuzendaritza artistikoaz eta Eneritz Artetxe (Dxusturi Teatroa) gidoiaz. Taula gainean, berriz, Artetxe bera, Leire Ucha eta Ion Zumelaga aktoreak eta Pette Jaragoyhen dantzaria ikusiko ditugu. Azaldu dutenez, “obra honetako hiru pertsonaiak Shakespeareren zale amorratuak dira. Hiru friki horiek Rikardo III.aren gaineko aluzinazio eszeniko bat irudikatuko dute. Nor da Rikardo III? Ba al du Rikardok moralaren kontzientziarik? Zer da politika? Manipulazio mekanismo berberak erabiltzen ziren lehen eta orain? Noraino eraman gaitzake botere goseak? Shakespearek idatzitako tragedia historikoa oinarri hartuta, hiru kideak galdera hauek erantzuten saiatuko dira”.

Horretarako, Shakespeareren antzezlaneko eszenak, umorea eta eztabaidak erabiliko dituzte. Fikziotik terapiara eta handik dantzara, saltoka ibiliko dira oholtza gainean. “Anabasa horretan gaudela, apurka, Rikardo III.aren munduak irentsiko gaitu”, azaldu du lantaldeak. Hala, “fikzio maila guztiak nahastuko zaizkigu eta publikoaren pentsamenduan galdera bat pausatuko da: gutako bakoitza ote da Rikardo III?”.

Proposamen artistikoak, artistak bizi izan zuen gizartearen eta gurearen artean zubiak eraikitzeko asmoz, Shakespeareren testua (euskaraz, Xabi Payak itzulita) berariaz sortutako testu kritikoekin tartekatzen du. Horrez gain, obra estetika garaikide batekin landu da, eta elementu tradizionalak eta garaikideak uztartzera jolasten da, bai musikan, bai jantzietan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna