‘Ea, H-a galdu duen herria’ izenburupean, hiru eguneko egitaraua antolatu dute Ean

Abenduaren 27tik 29ra izango dira jardunaldiak Eskolondon. Alor askotako aditu eta sortzaileen eskutik, hitzaldiak, erakusketak eta irakurraldiak jasotzen ditu egitarauak.

HEA, Herrijeri Emon Arnasa kultur alkarteak iraganari begira jarrita antolatu ditu gaur hasi eta 29ra arte luzatuko diren jardunaldiak. “Ea du izena gure herriak gaur, nahiz eta agiri zaharretan Hea idatzita agertu”. Aberastasun handizabal baten ikurtzat aldarrikatu nahi dute Ea desagertutako letra. “Eak H ortografikoa galdu badu ere, ondo inprimatuta dauka bere nortasunean. Hori dela eta, bide bat egiteko asmoa dugu, bi noranzkotan: Eatik Heara eta Heatik Eara”.

Gaur izango da jardunaldien lehenengo eguna, eta arratsaldean ikusgai egongo den hezur fosilen erakusketarekin aitzinera joko dute. Pedro Castañosek eta Xabier Murelagak bere aldetik, hitzaldia antolatu dute 19:00etan Orain dela 100.000 urte, (H)ea izan aurretik izenburupean.

Antolatzaileek iragarri dutenez, “bigarren harri-koxkorra”, bihar, hilak 28, izango da Urrats galduen herria izeneko hitzaldiarekin. “Hea ez da sekula paradisua izan. Herri xeheak izerdiak bota ditu itsasoan, baserrian, burdinolan eta errotetan bizimodua ateratzeko”. Gure jendartearen memoria poetiko kolektiboa berrosatzea da Iñigo Aranbarri idazlearen proposamena.

Igandean, jardunaldiekin amaitzeko, literatura unibertsaleko idazle handienetako bat gogoratuko dute: Julio Cortazar. Idazlea Balendin Kortazar Mendiola, Heako Biax baserrikoaren iloba zen. Aitonak Argentinara alde egin zuen, beste euskaldun askok egin zuten moduan. “Gure herria haiena ere izan zela pentsatzea gustuko dugu”. Hala, Mikel Soto idazle eta editoreak idazleari buruzko gogoetak bilduko ditu lehenik, eta Oier Guillan antzerkigile eta idazleak eta Iñaki Zudaire musikariak Pertsegitzailea ipuinaren irakurketa dramatizatu eta musikatua egingo dute ondoren

Guzti horretaz gain, ipuinarekin liburuxka bat argitaratuko dutela ere iragarri du HEAk. Lana Jon Muñozek euskaratu du, Erramun Mendibe Landaren pinturarekin eta Harkaitz Canoren hitzaurrearekin. Liburua hilaren 27tik 29ra egongo da eskuragarri Ean.

Zabaldu: