“EAEko demokrazia patriarkala” ikerketa liburua aurkeztu dute

Jule Goikoetxea unibertsitateko irakasleak zuzendu du azterlana.

EAEko demokrazia patriarkala Ikerketaren helburua patriarkatua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nola birsortzen den aztertzea da, ze ezaugarri dituen, eta ze ondorio bertan bizi diren emakumeen ongizatean, boteretzean eta demokratizazioan.

Azterlana Jule Goikoetxea irakasleak zuzendu du eta berarekin batera, Nora Mirallesek, Estitxu Garaik, Lore Etxeberriak eta Zuriñe Rodriguezek parte hartu dute. Ikerketak patriarkatuaren birsortze mekanismoak aztertzen ditu lau dimentsiotan: erlazio patriarkalak lan ordainduan, lan ez ordainduan, ongizate erregimenean eta eremu sozio-politikoan.  Eta guztietan aztertu da genero ezberdintasunak nola birsortzen duen emakume eta gizonen arteko material ekonomikoaren, sozialaren, kulturalaren eta sinbolikoaren banaketa.

Lan ordainduan, egileek patriarkatuaren birsortze mekanismo bezala aipatzen dituzte emakumeen lanaldi partzialak, lan segregazioa dakarren hezkuntzaren genero segregazioa, feminizatuak dauden lanpostuen desbalorizazioa, eta ondorioz dakarren soldata arrakala, besteak beste.

Lan ez ordainduan, zaintza lanen desbalorizazioa azpimarratzen dute eta, besteak beste, proposatzen dute emakume eta gizonek zaintza lanetan dituzten ardurak zenbatzean beharrezkoa dela sistema kontzeptual berriak garatzea botere erlazioen kuantifikazioa eta dimentsio kualitatiboa neurtzeko eta identifikatzeko, kontuan izango dutenak, adibidez, zaintza mota ezberdinak daudela (errutinazkoak, ludikoak…), edota badaudela ikusezinak diren zaintza lan batzuk eta abar…

Bestetik, ikertzaileen arabera, ongizate erregimen familiaristak birsortu egiten du etengabe patriarkatua gure gizartean. Honen aurrean, proposatzen dute emakumeak doako lana egiteari uztea eta autonomia lortzea bizimodu duina izateko.

Eremu sozio politikoari dagokionez, emakumeek ardura eta botere eremuetan sartzeko, eragiteko eta mantentzeko dituzten zailtasunak azaltzen ditu eta sektore eta eremu ezberdinen arteko diferentzia azpimarratzen du, eremu maskulinizatuek balorazio handiagoa dutelarik. Ikerketak, zentzu honetan, azaltzen du ez dela balioa duten jarduerak gizonek egiten dituztela, baizik eta gizonek egiten dituzten gauzak balioa hartzen dutela. Eta hau da, ikerlarien arabera, errotik eraldatu behar den logika.

Ikerketak, patriarkatuaren birsortze mekanismoak gizartearen eremu eta egitura guztietan ematen direla ondorioztatzen du.

Ikerketa hau Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako baten emaitza da.

Zabaldu: