Bi emanaldiak gaur eta bihar izango dira, arratsaldeko 19:00etan, Victoria Eugenia antzokiko club aretoan. Sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenarekin eta antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan, goizeko 11:30etik aurrera. Kartela Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du.
Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartea dira urtero irailean egin ohi diren Poesia Orduak errezitalen antolatzaileak. Aurten ere bi emanaldi antolatu dira, Victoria Eugenia Cluben, iluntzeko 19:00etan. Gaur, irailak 2, Presbiziak lagundu omen digu Mugaldekoak taldearen eskutik eta hilaren 3an, Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko Gotzon Barandiaran idazlearen eskutik.
Presbiziak lagundu omen digu saioan Mugaldekoak taldeak literatura eta musika uztartuko dute. Horretarako, Edu Zelaieta Mugaldeak taldeko kideak aurten Pamielan argitaratutako liburua hartuko dute oinarri.
Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko emanaldia, berriz, Gotzon Barandiaranen hirugarren poema liburutik abiatzen da. Galbahea izeneko liburua aurten argitaratu du, kasu honetan Susa argitaletxearen eskutik. Hala, bertako poemak musikatu dituzte eta oholtzan idazlea bera eta hainbat musikari ezagun arituko dira: Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garcia.
Poesia orduak Euskal Jaiak programan txertatzen da (aurten abuztuaren 28tik irailaren 8ra dira egitekoak). Antolatzaileen esanetan, “tradizio handia dute jai hauek Euskal Herrian, hainbat lekutan ospatu izan dira eta Donostiaren kasuan gainera jarraipena izan dute. Hor ditugu estropadak, Sagardo Eguna, euskal dantzak, herri-kirolak… Euskal kulturak ere bere espazioa izan du Euskal Jaietan, eta Poesia Ordua saioek leku hori betetzen dute”.