Edurne Azkarate, Franck Dolosor eta Ilaski Serrano Ahoskera Laborategiaren mahainguruan

Otsailaren 24an, arratsaldeko 19:00etan euskara lanabes duten hiru profesionalen hausnarketak entzuteko aukera egongo da Gasteizen. Sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenarekin.

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak, UEUrekin elkarlanean, eta hainbat eragileren eta erakunderen laguntzarekin euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzeko laborategia antolatu du asteazkenerako, otsailak 24.

Ahoskera Laborategiaren aurkezpen gisa mahaingurua antolatu da euskara lanabes duten hiru profesionalekin: Ilaski Serrano (Bermeo 1976), Franck Dolosor (Donibane Lohizune, 1977) eta Edurne Azkarate (Oion, 1993). Lehenengo biak kazetariak, esatariak eta telebistako aurkezleak, eta Azkarate aktorea eta telebista aurkezlea. Hirurak eskarmentu handikoak dira hitzarekin lan egiten.

Imanol Miranda irakasleak egingo du saioaren eta Ahoskera Laborategiaren aurkezpena, eta Jon Sanchez kazetariak gidatuko du mahaingurua.

Ahoskera Laborategia arratsaldeko 19:00etan izango da eta sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatuarekin. Lagun bakoitzak bi gonbidapen bakarrik eska ditzake eta “aldez aurretik eskuratu beharko dira Oihanederren webgunean; horretarako emanaldia baino astebete lehenago irekiko da aukera, eta hasi baino ordubete lehenago itxiko”. Antolatzaileek jarduerara hamar minutu lehenago etortzea gomendatu dute.

Ahoskera Laborategiaren inguruko informazio gehiago hemen.

Zabaldu: