Atx Teatroaren Lubaki lainotsua antzezlanaren estreinaldiarekin abiatu ziren Azpeitiko Euskal Antzerki topaketak. Orotara lau estreinaldi izango dira aurtengo edizioan. Album izenekoa da horietako beste bat.
Album antzezlanak belaunaldi oso bati gaur egun gertatzen ari zaionari buruzko erretratua egiten du. Edurne Azkarate (Oion, 1993) da Formol Laborategiak ostegunean estreinatuko duen obraren zuzendaria. Orain arte aktore lanetan ikusi dugu Azkarate, Album bere lehen lana du zuzendari gisa.
Antzerkigileak obrari buruzko xehetasunak eman dizkigu Kontalariak audio-elkarrizketarako: “Paradigma aldaketa bortitza bizitzea tokatu zaion belaunaldia gara”, dio Azkaratek. “Era analogikoan jaio ginen eta digitalera pasatu gara. Badago jende multzo handi bat iruditegi amankomun bat konpartitzen duguna eta interpelatuak sentitu gara. Izan ere, ikerketa, komentario edota etiketek sentiarazten digute orain dela gure txanda. Helduen munduan sartzen zara eta orain zuri dagokizu zerbait egitea”. Ideia horretatik abiatzen da Album. “Nor gara gu? Zer espero da gutaz? Zer ari gara egiten ondo eta zer gaizki? Zer jaso dugu oinordetzan?”, dira antzezlan honekin planteatzen diren galderetako batzuk.
Taula gainean Mikel Ibarguren eta Intza Alkain ikusiko ditugu. Aktore bi hauek gorpuzten dituzten pertsonaiak “arrainontzi batean bizi dira eta oso galduta daude, hori da amankomunean dutena, iritziak elkarbanatzen dituzte, egoerak bizitzen dituzte, baina funtsean kaiola garden horretan galduta daude”, azaldu du zuzendariak.
Formol Laborategia
Album Formol Laborategiaren aurreneko obra da. Antzerki taldea duela bi urte sortu zuten Azkaratek, Ibargurenek eta Alkainek, egungo euskal kulturak planteatzen dituen hainbat erronkei heltzeko asmoz. “Batetik, Euskal izateari eta, zehatzago, gazteriari buruzko hausnarketa bat burutzea, hau da, gure belaunaldiari ahotsa ematea”, azaldu dute. Hartara, gazte belaunaldiei zuzenduriko obrak plazaratzea da taldearen xedea, belaunaldi berriak antzokietara erakartzeko asmoz. Bestetik, “euskal kulturgintzarekiko dugun erantzukizunari heltzea, gure alea jarriz, euskarazko sorkuntzak herrigintzaren oinarrian daudenaren jakinpean. Eta azkenik, antzerki garaikidean murgildu eta poetika eta estetika berriak arakatu eta lantzea, eta laborategi moduan gauzatzen den ikerketa eszenikoari lekua ematea” dute helburu.