Egile berrientzako euskarazko literatura lehiaketa abian da Iruñean

Nafarrak diren edo bizitokia Nafarroan duten egileek euskaraz idatzitako gai libreko lanak aurkeztu ahal izango dituzte, urriaren 28ra arte.

Egile berrientzako 2024ko XXXIV. euskarazko literatura lehiaketa abian da Iruñean. Deialdi honen xedea egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea da.

Parte hartzeko poesia eta narrazioa modalitateak daude eta egileek lan bana aurkeztu ahal izango dute bakoitzeko. Idazterako orduan, gaia librea izango da eta euskaraz. Gainera, jatorrizkoak eta aurretik argitaratu gabeak izan beharko dira.

Poesia aukeratzen dutenen lanek gutxienez 200 bertso-lerro izan beharko dituzte.
Narrazioan, berriz, gutxienez 15 orri izan beharko dituzte lanek, 11 tamainako Arial letra motarekin eta tarte bikoitzaz. Hiru sari banatuko dira modalitate bakoitzeko: lehen saria 2.500, eurokoa; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Halaber, oinarrietan ezarritakoarekin bat lau aipamen emango dira, bakoitza 250 eurokoa, modalitatea kontuan hartu gabe.

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute Nafarroako egileek edo nafarrak izan gabe, helbidea Nafarroan dutenek. Parte-hartzaileek aurretik euren izenean literatura liburu bat baino gehiago argitaratu badute, ezin izango dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatura lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honetako aurreko bi edizioetan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ere ezin izango dute berriz parte hartu modalitate horretan.

Lanak telematikoki aurkeztu behar dira www.pamplonaescultura.es webguneko lehiaketen atalean; bertan eskuragarri daude oinarriak eta parte hartzeko formularioa. Izen-ematea aurrez aurre ere egiten ahal izango da Udalaren erregistroetan, baina ezingo da erregistro elektronikoaren bidez egin, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatze aldera.

Aurtengo edizioko epaimahaiburua Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaritzako pertsona bat izango da, eta epaimahaikideak honako hauek izango dira: Lourdes Otaegi, euskal filologian doktorea eta Euskaltzaindiako eta literatura-ikerketako hainbat taldetako kidea; Uxue Razquin, literaturan aditua, literatura-kazetaritzan espezializatua, kultura-kazetaria eta Erein argitaletxeko editorea; eta Aitzol Lasa, Euskal Idazleen Elkarteko kidea, idazlea, NUPeko irakaslea eta dibulgatzailea. Amaitzeko, idazkaria Iruñeko Udaleko euskarazko kultur programazioko teknikaria izango da.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna