Egitarau anitza osatu du udazkenerako Gasteizko Oihanederrek

Irailaren 24an emango zaio hasiera denboraldi berriari Kokein talde eibartarraren zuzenekoarekin.

“Uda oparoaren ostean beti datoz ikasturte berria eta udazkena, elkarri lotuta, elkarren beharrean, eta elkar hartuta”, diote Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko kideek. “Gurean ere uda aberatsa izan da bai jardueretan bai publikoaren erantzunean”, adierazi dute. Uda hasieran jarduera anitz ugari iragarri zituzten, eta baita gauzatu ere, baina interesgarriena publiko ezberdinen erantzuna izan dela nabarmendu dute: “jendea kultura gosez dago eta Oihanederren jarraitzaileek kulturaz elikatu eta babestu nahi da. Kultura balore segurua da pandemiarik arriskutsuenari aurre egiteko eta beldurra uxatzeko”.

Beraz, udazkena benetako udagoien segurua izan dadin, aste honetatik aurrera eta abenduaren 20ra bitartean mota askotako jarduerak antolatuko dira adin guztietako jendea euskal kulturara erakartzeko asmoz: kontzertuak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, jardunaldiak, ikuskizunak, filmak, deialdiak…

Irailaren 24an, osteguna, emango zaio hasiera denboraldi berri honi Kokein talde eibartarraren eskutik. Boskoteak normalean distortsioa eta soinu gogorra ezaugarri dituzten kantuen bertsio akustikoak joko ditu. Horretarako, taldea osatzen duten bost kideetatik hiru soilik igoko dira oholtza gainera: Zaloa, Jatsu eta Iker.

Aipatu dutenez, Oihanederren webgunean eskainiko dena eguneratuta egongo da behin betiko informazioarekin, “pandemia egoerak sortzen dituen azken orduko egokitzapenak bertan eguneratuko dira”. Aldi berean, jarduera bakoitzaren informazio xeheagoa datak heldu ahala jakinaraziko dira.

Honi lotuta, udazkeneko programazioko jarduerak doakoak izanik ere (Hitz Adina Mintzo ez beste guztiak), gonbidapena aldez aurretik eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota webgunearen bidez).

Zabaldu: