‘Egun bat, hitz bat’ izeneko egutegia argitaratuko du Mintzalasai elkarteak

Euskara eta euskal kultura hobeto ulertzeko egutegia izango da. Abendutik aurrera egongo da salgai 8 euroren truke sarean eta beste hainbat salmenta puntutan.

Urte bukaera honetako berritasun batekin dator Mintzalasai elkartea, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin: Egun bat, hitz bat izeneko egutegia. “Egunerokotasunean, urteko 365 egunetan euskararekiko eta kulturarekiko lotura bat sortzeko tresna ederra” izango dela dio elkarteak.

Izan ere, “batzuetan zailtasunak ditugu Euskal Herria, kultura, hizkuntza euskaratik urrun diren horiei azaltzeko. Egutegi iraunkor honek horretarako giltza batzuk eman nahi ditu”, azaldu dute Mintzalasaiko kideek.

Hala, egunero, egutegi honen erabiltzaileak euskarazko hitz bat deskubritu ahal izango du bere frantsesezko itzulpenarekin ,eta horrez gain, zazpi gai hauen inguruko kontzeptuak azalduko zaizkio: hizkuntza, kultura, historia, geografia, pertsona/pertsonaia historikoa, soziolinguistika, erran zaharrak.

Egutegia abendutik aurrera jarriko dute salgai 8 euroren truke sarean eta beste hainbat salmenta puntutan.

Zabaldu: