(argazkia: Tabakalera)

Egunerokotasunaren behaketari buruzko hausnarketa artistikoa

Maite Gonzalez Martinezek Strong back, soft front erakusketa ireki du Donostiako Tabakalerako 2. erakusketa-aretoan. Erakusketa martxoaren 15era arte egongo da ikusgai.

Maite Gonzalez artistaren artxibo pertsonaleko irudien hautaketa biltzen du Strong back, soft front izeneko proiektuak. Bideo eta collagen bidez, gaur egungo irudien kontsumo azkar eta ia automatikoarekin kontraste nabarmena eskaintzen du.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “Gonzalezek begiratzeko beste modu bat proposatzen du erakusketa honetan; bertako piezek eszena sinpleen behaketa patxadatsu eta arretatsua egitera gonbidatzen dute ikuslea, eta agerian uzten dute normalean oharkabean pasatzen dena. Behaketaren ahalmena azpimarratzen du, munduarekin zein inguratzen gaituzten pertsonekin dugun harremana hobeto ulertzen lagunduko digun praktika gisa”.

Erakusketa lau bideoinstalaziok (Nigthwish, Triptikoa, Loreblume eta Le monde paisible), hainbat collagek eta Flipbook-ek, segidan jarritako irudiz osatutako liburu txikiak, osatzen dute. Azken horretan, irudiek azkar pasatzean mugimendu-ilusioa sortzen dute, oinarrizko animazioa sortuz. Argitalpen horrek lotura egiten du liburuko irudien eta erakusketako bi bideo-instalazioen artean, eta Tabakalerarako propio sortu da.

Gonzalezek Iñigo Villafranca komisarioarekin elkarlanean sortu du erakusketa eta Tabakaleraren komisariotza egonaldi deialdiaren emaitza da. Programa horrek tokiko komisarioei eta artistei laguntzen die, eta haien proiektuak Donostiako zentroaren urteko programazioan txertatzen ditu.

Jarduera paraleloak

Tabakalerak erakusketa osatzen duten hainbat jarduera antolatu ditu: bisita solasaldiak, familian egiteko lantegia eta komisarioarekin eta artistarekin bisita gidatua.

Zabaldu:

Utzi erantzuna