(argazkia: EHAZE elkartea)

EHAZE elkarteak bi liburu berri kaleratu ditu

25 gau eta bat gehiago: Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte eta Miss Karaoke: sormen prozesu baten erraiak dira EHAZEk bere bildumari gehitu dizkion azken bi liburuak.

EHAZE elkarteak euskal teatroaren baitan sor daitezkeen gogoetak eta transmisio beharrak asetzen laguntzeko asmoz bilduma propioa sortu zuen 2016an. 25 gau eta bat gehiago: Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte eta Miss Karaoke: sormen prozesu baten erraiak dira bildumaren barruan argitaratu dituzten azken bi argitalpenak.

Ane Zabala eta Galder Perez dira 25 gau eta bat gehiago: Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte argitalpenaren egileak. Azaldu dutenez, “liburuaren barruan bi atal topatuko ditu irakurleak, nagusiki: batetik, Euskal Herriko hamaika antzerkilarik partekatutako oroitzapenak, Gilkitxarorenik lotuta baina, era berean, euskal teatroaren garai oso bateko erretratua osatzen dutenak. Bestetik, taldearen hiru obretako gidoiak: Honolulu, leku bat, 8 begi eta Adarretatik zintzilik”.

Argitalpen honetan parte hartu dute: Josu Camara, Goizane Aizpurua, Fredi Paia, Jon Gerediaga, Ander Lipus, Edorta Jimenez, Txuma Murugarren, Mikel Martinez, Gaizka Sarasola, Jon Basaguren, Irati Jimenez, Idurre Eskisabel, Lutxo Egia, Aitor Garcia de Vicuña Gartxito, Oier Guillan, Olatz Gorrotxategi.

Miss Karaoke: sormen prozesu baten erraiak

Oier Guillan eta Metrokoadroka Sormen Laborategia dira Miss Karaoke: sormen prozesu baten erraiak liburuaren egileak. EHAZEk azaldu duenez, “argitalpen honetan ez duzue aurkituko antzerki naturalistaren logikarik ez manerarik. Aldiz, Guillanen Arra-Arraroa (2010) eta Mr. Señora (2016) izenekoetan zeuden ideiak nahiz idazketa-estiloa antzemango dituzue”. Ikuskizun honek hibridazio, identitate, auto-pertzepzioa, generoen auzia eta, halaber, antzezpenari buruzko gogoetak zentrifugatu zituen, betiere irudi poetiko, umoretsu eta kitsch-ak erabiliz.

Liburuan Miss Karaoke antzezlanaren bi bertsio daude eskuragai: jatorrizko testua eta oholtzara eraman zena, sormen prozesuari buruzko kronika mamitsu batekin batera. Elkarteak testuok irakurtzeko eta gozatzeko proposamena egin nahi izan du, antzerki-osteak euskal antzerkiaren sisteman daukan tokiaren adierazle gisa.

Argitalpen honetan Edurne Azkaratek eta Javier Barandiaranek hartu dute parte.

Zabaldu: