Hizkuntza paisaia iraultzeko proposamena da, euskarari, Euskal Herriko berezko hizkuntzari, lehentasunezko lekua emateko. Kanpaina martxoaren 9tik 15era egingo da.
24. Korrika ate joka dugu jada, bi aste barru abiatuko da Atharratzetik. Euskararen aldeko olatu erraldoia iritsi aurretik, baina, Euskal Herrian Euskarazek Ireki bidea euskarari! ekimena jarri du abian.
Euskaltzaleei luzatuko dieten erronka hauxe izango da: “astebetez, martxoaren 9tik 15era, erdaldundutako Euskal Herriko bide-seinaleak ezabatzea eta euskarari lehentasunezko lekua ematea”.
Euskal Herrian Euskarazen ohikoa izan da horrelako ariketa masiboak proposatzea eta, aurten, Korrikaren testuinguruan, horixe planteatu nahi izan dute.
Azaldu dutenez, “gaur egun, Euskal Herriko hizkuntz paisaia euskaldunon zapalkuntza egoeraren adibide argia da. Oso kasu gutxitan topatuko dugu euskara hutsean oinarritutako paisaia linguistikoa. Gehienetan, erdarek lagunduta topatuko dugu; askotan, gainera, bigarren mailan. Hainbat kasutan, euskara ukatua da eta ez zaio lekurik txikiena ere ematen”. Horregatik, EHEk hizkuntza paisaia iraultzeko proposamena egin du, euskarari, Euskal Herriko berezko hizkuntzari, lehentasunezko lekua emateko.
Hala, bide seinaleetan, kale/toki izendegietan edo karteldegi desberdinetan euskarari lehentasunezko lekua emanez: “euskara prestigiatzen dugu; euskara ikasteko edo, gutxienez, ulertzeko beharra sortzen dugu; gure ingurua euskaraz ulertzeko eta izendatzeko baliabideak ematen ditugu; euskaraz garela lau haizetara argi zabaltzeko tresnak sortzen ditugu; eta euskarazko leku izenak berreskuratzeko aukera gisa ere probestu genezake”.
EHEk nabarmendu duenez, “ezabaketetarako ‘Euskaraz’ jartzen duten pegatinak sortu dituzte.