Paloma Rodriguez (argazkia: Nuria Gonzalez)

EHUk ‘Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985)’ liburua plazaratu du

Lanak bi elkarrizketa jasotzen ditu: bata, Eider Rodriguezekin eta, bestea, Karmele Jaiorekin. Hala, sormen prozesuaz eta emakumeen identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko aukera ematen da.

EHUk  Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburua kaleratu du. Honetan, belaunaldi bereko idazleen lana eta ibilbidea aztertzen da, emakumeek euskaraz sortutako literaturan izan duten ekarpena lehen planoan jarriz. Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleek editatu dute liburua eta azken urteetako euskal literaturan emakumeek sortutako lanen balioa nabarmendu nahi dute, euren lanek lortu duten kalitate eta aitortza soziala azaleratuz, bai Euskal Herrian bertan, bai nazioartean ere.

Ikerketa hiru hautaketa-irizpidetan oinarritu da: aukeratutako idazleak 1970. eta 1985. urteen artean jaiotakoak dira eta, kasu askotan, euren lanak beste hizkuntza batzuetara itzuliak izan dira eta 2018. eta 2022. urteen artean Euskadi Literatura Saria eskuratu dute. Liburuaren protagonistak Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Maixa Zugasti, Uxue Apaolaza eta Leire Bilbao dira.

Paloma Rodriguez-Miñambresek azaldu duenez, “liburuaren helburua azken urteotan euskaraz ekoitzi egin den eta gaur egun ekoizten ari den literaturan emakumezkoek kalitate handiko lanak idatzi dituztela azpimarratzea eta Euskal Herrian zein hemendik kanpo jaso duten aitortza horren oihartzuna zabaltzea da. Halaber, idazleen ibilbide literarioari dagokionez, liburu gehiago idazten jarraituko dute, beraz, haienganako arreta piztu behar da, gaur egungo gaiak jorratzen, islatzen dituztelako haien obretan eta gure zeitgeist-arekin (garaiko espirituarekin) lotura egiten dutelako. Beraz, irakurle guztiei interesatu ahal zaizkie lan horiek”.

Egileen esanetan, “idazle hauek lotura argiak dituzte euren artean, nahiz eta bakoitzak bere estiloa eta ahotsa izan. Euren lanetan emakume izatearen esperientzia modu ezberdinetan lantzen dute: amatasuna, familia eta identitateak, bikote harremanak, genero berdintasuna, intimitatea…”

Editoreak liburuaren asmoa zehaztu du, euskal literaturaren eta euskal emakume idazleen balioari aipamena eginez: “Erronken artean, nabarmenduko genuke liburuan aipatzen eta aztertzen diren lanen eta idazleen gainean jakin-mina piztea eta irakurleak konturaraztea, bereziki, gurea bezalako hizkuntza minorizatu batean idazten diren literatura lanetan hiru emakumek (Eider Rodriguez, Irati Elorrieta eta Karmele Jaio) 2018. eta 2020. urteen artean Euskadi Saria irabaztea euskarazko literaturaren indargunetzat hartu daitekeelako. Horrez gain, 1970. eta 1985. urteen artean jaio diren euskal emakume idazle horiengan jartzen da fokua lehen aldiz, ez delako egon hori aztertu duen lanik, beraz, espero dugu bildu ditugun lanek bide berriak irekiko dituztela”.

Laburbilduz, Rodriguez-Miñambresen aburuz, emakumezko idazleen ahotsek ikusgarritasun handia lortu dute, eta euren lanak izen handiko argitaletxeetan argitaratu dira, “kultura-hedabide garrantzitsuetan harrera nabarmenarekin”. Hori dela eta, ikerketak azaleratzen du euskarazko emakumezkoen literatura “periferiatik erdigunera” igaro dela; prozesua, ordea, “motela eta oraindik burutu gabea” da.

Belaunaldi bateko idazleen ikuspegi pertsonala 

Halaber, liburuak elkarrizketa bana jasotzen du Eider Rodriguez eta Karmele Jaio idazleekin, sormen prozesuaz eta emakumeen identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko aukera eskainiz. Elkarrizketa hauek, testu literarioetatik harago, belaunaldi bateko idazleen ikuspegi pertsonal eta kolektiboak biltzen dituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna