Jaialdiaren helburua da herritarren artean poesia zabaltzea, nazioarteko olerkariak ezagutaraztea eta Arabako txoko guztietan poesia hedatzea.
Maiatzaren 3an, abiatuko da ‘Poetak maiatzean’ Nazioarteko Poesia Jaialdiaren XII. edizioa. Aurtengo programazioak 100 ekintza baino gehiago bilduko ditu eta Arabako hainbat udalerritan egingo dira, tartean Gasteizen. Honako hauek izango dira poesiarekin egindako hitzordura joango direnetako batzuk: Gioconda Belli, Alexis Diaz Pimienta, Manuel Rico, Peru Iparragirre, Jordi Doce, Mario Obrero eta Mairym Cruz-Bernal, besteak beste.
Aurtengo edizioa, gainera, dantzari eskainiko zaio eta akademia hauek hartuko dute parte besteak beste: Arteria, DameSwing Ballroom, Lakua Danza eta Gisela. Beste protagonistetako bat izango da Lorca eta lan hauek eskainiko dituzte: Pasion Vegaren Lorca Sonoro edo Luna de Pergaminoren Lorca para bebés.
Denboraldi berri honetan, gainera, dagoeneko sendotuta dauden ekimenek animatuko dituzte kaleak: Poesia Etxarteetan, Usoen Eguna eta Itsasoari begira, besteak beste. Gustu eta adin guztientzako nazioarteko olerkariei esker, Araba poesiaz beteko da.
Horrez gain, maiatzaren 3an, Kristalezko orrialdeak izeneko jarduera hasiko da. Bertan, olerkariek saltoki kolaboratzaileetan idatziko dituzte haien neurtitzak.
‘Poetak maiatzean’ Nazioarteko Poesia Jaialdiaren helburua da herritarren artean poesia zabaltzea, nazioarteko olerkariak ezagutaraztea eta Arabako txoko guztietan poesia hedatzea.
“‘Poetak maiatzean’ ekimena 2012an sortu zen poesiarekiko maitasuna, irakurketa eta idazketa zabaltzeko asmoz. Horren helburua zen gizartea poesian barneratzea, hura ezagutzeko aukera izatea eta, zergatik ez, poesiarekin maitemintzea. Eta ondo lortu du hori guztia; izan ere, jaialdi honi esker, poesia saltokietako erakusleihoetatik Udaleko osoko bilkuraraino iristen da. Baina ez da hori bakarrik; izan ere, egitasmoari esker, poesia Arabako txoko guztietara zabaltzen da eta Pasion Vegak Lorca itzuliko digu gure Principal Antzoki maitera”, adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Informazio gehiago Poetak maiatzean ekimenaren webgunean.