(argazkia: Eibarko Udala)

Eibarko Antzerki Jardunaldiak otsailaren 22tik apirilaren 1era egingo dira

Lehendakari gaia eta Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlanak taularatuko dira, besteak beste, 45. edizio honetan.

Hilaren 22an abiatuko da Eibarko Antzerki Jardunaldien 45. edizioa, 2022eko apirilaren 1ra arte luzatuko dena. Iaz egin zuten bezala, Covid-19ak sortutako pandemiaren egungo egoera dela eta, emanaldi guztiak Coliseo Antzokian izango dira.

Antolatzaileen arabera, hasiera ekitaldiak ospe handiko profesionalak bilduko ditu aurten. Ramon Barea eta Mikel Losada antzerkigileak Coliseo Antzokiko agertokira igoko dira, arratsaldeko 19:00etan, aurkezle lanetan arituko den Irene Hernando eibartarrarekin batera. El veneno del teatro izenpean, aktoreek euren artean hitz egingo dute, irakasle eta ikasle edota maisu eta ikasle gisa, eta antzerkigintzan zuzendari eta aktore lanetan hainbeste urtetan izan dituzten harremanei buruz mintzatuko dira.

Otsailaren 24an, Magallanes eta Elkano antzezlana aurkeztuko da, sorkuntza kolektiboko nazioarteko tragikomedia, Pedro Diogo eta Nuria Cuadrado aktoreak protagonista dituena. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da. Antolatzaileen hitzetan, lan honek “hainbat kulturaren elkarbizitza, kode eta hizkuntza globalak eta duela urte batzuk toki ezezagunetara egindako bidaietatik geratu zaigun identitate-herentzia aztertzen ditu”.

Lehendakari gaia izango da edizio honetako beste proposamenetako bat, Txalo Produkzioaken eskutik, eta Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean. Ramon Madalularen komedia, euskaraz eskainiko da, otsailaren 28an eta martxoaren 2an, 19:00etan. Bertan, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek hartuko dute parte.

Aurtengo edizioan taularatuko diren gainerako lanak hauek dira:  El viaje a ninguna parte, Teatro Fernan Gomez eta Teatro Arriaga; La verdadera historia de la muerte de Francisco Franco, Laura Ortegak zuzendua; Zintzilik musikala; Lof ladies on fight, Eva Guerrerok zuzendua; Ama, Marie de Jongh; Tarara, Hika Teatroa; Golf, Jose Padillarena; Icaro musikala; La panadera, Producciones Iria; Celestina infernal, Fernando Rojasen liburuan oinarritua; Una noche con ella komedia; Aquiles, LA FAM Teatrea; Semea pixka bat motelago dabil soilik, Tanttaka Teatroa; Fake Trampantojo, Erre Produkzioak; Burdina,  Adriana Bilbao eta Beñat Achiary; Comicas komedia; Los secuestradores del lago Chiemsee, Alberto Iglesiasek idatzia, Conversaciones, ihaz hildako Rosa Martinez-Alcocer aktore eibartarrari egindako omenaldi-hitzaldia; Don Gil de Olmedo es sueño, Lagartolagarto y Zazurzca; eta El parke del crepuskulo tragikomedia.

Bestalde, Lekim Animazioak antzerki jardunaldien berri emango du Eibarko kaleetan zehar, otsailaren 5ean, 6an eta 7an.

Sarrerak eskuratzeko aldez aurretik hitzordua

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, sarrerak eskuratzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea, Coliseo Antzokian bertan.

Aldez aurretik hitzordua eskatuta, otsailaren 5ean, 6an eta 7an antzezlanen sarrerak erosi ahal izango dira aukeratutako ordutegian. Bestalde, online erosketak otsailaren 5etik aurrera egin ahal izango dira, 10:00etatik aurrera, www.kutxabank.es webgunearen bidez. Halaber, sarrerak emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira Coliseo Antzokiko leihatilan bertan.

Zabaldu: