Lehen edizio honetarako, Laurie Halse Anderson idazlearen Speak obra itzuli beharko du beka eskuratzen duenak. Lanak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da.
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) arabera, “urriak dira itzulpengintzari eskaintzen zaizkion bekak eta sariak, eta bat bera ere ez da existitzen gazte-literatura euskaratzeko”. Hutsune hori betetzeko asmoz, elkarteak itzulpen-beka bat antolatu du, urtero gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Izan ere, “irakurtzeko zaletasuna behera egiten ari den honetan, kalitatezko lanak eskaini beharra dago irakurle gazteei, euskaraz sorturikoez gain, nazioarteko gazte-literaturako lanak ere euskarara ekarrita”.
Beka honen bidez, halaber, elkartearen xede diren arlo bat baino gehiago landuko dira: itzulpengintza sustatzea, prestakuntza profesionala eskaintzea eta itzulpenen kalitatea zaintzea, irakurzaletasuna ere sustatzeaz batera.
Itzultzaile hasiberrientzako laguntza
Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dute itzulpen-beka honetara aurkezteko aukera, eta tutoretza bat ere aurreikusi dute antolatzaileek, ibilbide luzeko itzultzaile batek itzultzaile gazteari prozesuan laguntza emateko, zenbait saioren bitartez.
Euskaratuko diren lanei dagokienez, nazioartean osperik handiena duten haur eta gazte literaturako sariketak hartuko dituzte kontuan: Hans Christian Andersena eta Astrid Lindgrenena.
Bi sariketa horietan irabazle izan diren egileen lanak aztertuko ditu urtez urte horretarako osatuko den hautaketa-batzorde batek, eta egokien iruditzen zaion lana aukeratuko du, bekaren deialdirako.
Deialdia
Lehen edizio honetarako, Laurie Halse Anderson idazlearen Speak obra itzuli beharko du beka eskuratzen duenak. Lanak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da.
Beka eskuratzen duenak 3.000 euro jasoko ditu Iruñeko Udalaren eskutik, eta Aiora Jaka itzultzailearen laguntza izango du itzulpen-prozesuan.
Oinarriak, hemen.