Ekainaren 13tik 20ra egingo da Errenteriako Eztena jaialdia

Antolakuntza mailan zein edukietan arriskuak hartzen dituzten proiektuei plaza bat ematea du helburu jaialdiak.

Zizt! Eta Mikelazulo kultur Elkarteek Eztena arte eszenikoen jaialdiaren XIII. edizioa antolatu dute, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.

Pandemia hasi zenetik jaialdia egingo den bigarren aldia izango da honakoa. Iazkoa irailera atzeratu behar izan zuten, eta aurten, egoerara moldatutako egitaraua sortu dute hasieratik: “urtero kale ikuskizunak, laborategiak eta esperimentuak egin ohi baditugu ere, aurten emanaldien programazioan jarri dugu energia osoa, Eztena bilakatu den erakusleihoari eusteko eta, ohiko moduan, antolakuntza mailan, zein edukietan arriskuak hartzen dituzten proiektuei plaza bat emateko”.

Hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo jaialdiaren ardatza: “egoera honetan ere, talde, kolektibo eta sortzaile askok antolakuntza modu kolektiboen alde, ikerketaren alde, esperimentazioaren alde osatzen dituzte beren proiektuak”, diote antolatzaileek. Hala, egun dauden eskaintzetan jarriko dute arreta, zortzi egunez luzatuko den egitarauan: ekainaren 13tik 20ra. Hilaren 14an izan ezik, egunero egongo dira emanaldiak, kasu batzuetan egun bakarrean emanaldi sorta izango da.

Hala, astean zehar elkargune gisa funtzionatu nahi duten bi saio antolatu dituzte, estreinako aldiz, Lekuona Fabrika kulturgune berrian. Batetik, arte eszenikoetako liburugintza protagonista izango da. Ekainaren 15ean, Eztena-liburuak bildumaren ale berria aurkeztuko dute, egileen eskutik: Eider Perez Adeletx eta Sra. Polaroiska. Egun horretan bertan, Ganbila euskarazko antzerki bildumaren irakurketa dramatizatua eskainiko du Durangoko Karrika antzerki taldeak, Patricia Urrutiak zuzenduta.

Ekainaren 17an, berriz, gogoeta egiteko beste aukera bat egongo da: Maringurua saioan, Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko eszenan liburuko edukiei tiraka, egileek gogoetak partekatuko dituzte publikoarekin, solasaldia eta performancea uztartuz. Gidariak Eneritz Artetxe, Maider Galarza eta Idoia Hernandez Hatxe izango dira.

Sortzaileen arteko sareak

Sortzaileak eta, oro har, kultur eragileak saretzea izan da Eztena jaialdiaren hasierako helburuetako bat. Horren harira, ekainaren 18an Gasteizko lau konpainia gonbidatu dituzte Orereta Meets Gasteiz saiora. Honen helburua Gasteizko antzerki mugimenduaren lagin batzuk eskaintzea da, eta sortzaileen arteko elkar ezagutza bultzatzea.

Horrekin batera, Formol kolektiboak Album izeneko piezaren aurrestreinaldia eskainiko du. Lan hau udazkenean estreinatuko da. Emanaldia ekainaren 19an izango da, Lekuonan. Dejabu konpainiak, bere aldetik, Naon Tokin izeneko site specific lanaren estreinaldia eskainiko du ekainaren 18, 19 eta 20an.

Eztenakideak

Azken urteetan bezala, emanaldiek irauten dituzten egunetan Eztenakide txartela eskuratu ahal izango da. “Eztenakidearen figura jaialdia babesteko eta ikusle aktiboaren ideia bultzatzeko sortu zen. Ez daitezela ikusleak izan hartzaile hutsak, eragin dezatela sortzen eta programatzen den horretan, begirada kritiko eta, esan gabe doa, sortzaile batetik”, azaldu dute antolatzaileek.

Horrekin lotuta, jaialdia hasi aurretik Ikusle Klub bat jarri dute martxan. “Jaialdiaren aurreko asteburuetan Eztenakide talde bat elkartzen ari da Horman Poster kolektiboko kideekin, formazio parte hartzaile bat eginez. Klub horrek jaialdian zehar hiru emanaldi ikusteko eta elkarrekin komentatzeko aukera izango du”.

Horrez gain, ekainaren 19an goizean Speed Dating Eszenikoa antolatu dute Alamedako Zumardian. Bertan, performance koral bat egingo da, zeinetan terrazetan antzerkilariak eta Eztenakideak elkartuko dituzten mahaietan binaka, antzerkiari buruz hitz egiten, eta ligatzea xede duten “speed dating” ezagun horietan bezala, jolas baten bitartez elkar seduzitzea eta liluratzea izango da xedea.

Sarrera guztiak doakoak izango dira, baina aldez aurretik gonbidapenak eskuratu beharko dira.

Informazioa eta egitaraua, hemen.

Zabaldu: