(argazkia: Bertsozale elkartea)

Ekainaren 15an jokatuko da Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa Arantzan

Eskolartekoetatik sailkatutako hamaika bertsolari gazte ariko dira Arantzako frontoiko oholtzan. Apirilean hasi eta orain arte egin dira Eskolartekoak Oinak buruan goiburupean.

36. edizioa du aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketak eta bertan, 14 eta 18 urte bitarteko Euskal Herri osoko gazteak elkartu dira. Lurraldeetan Eskolarteko txapelketek bere bidea eginda, final handiarekin biribilduko da egitasmoa. Arantzan egingo da finala, ekainaren 15ean.

Gipuzkoan apirilean jokatu zen Lasturren finala eta bertatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga sailkatu ziren. Nafarroako eskolartekoa maiatza hasieran egin zen Iruñeko Laban eta bertan Kattin Madariagak eta Kattalin Lizarragak eskuratu zuten Arantzan kantatzeko txartela. Aramaion jokatutako finalean jakin genuen, Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia izango zirela Arabako bi ordezkariak.

Bizkaiko eta Gazte Xilabako finalak izan dira jokatzen azkenak. Maiatza bukaeran Arrigorriagan egin zen Bizkaiko Eskolarteko finala, Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga sailkatu ziren. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ordezkariak, berriz, Haira Aizpurua, Nahia Etcheverry eta Unax Aizpurua izango dira.

Bertsozaleren arabera, “giro politean jokatu dira Euskal Herri osoan Eskolartekoak, bai kanporaketak eta baita finalak ere”. Horregatik Arantzako finalean ere herrialdeetan izandako giro beroa izatea espero du elkarteak.

Sarrera doan eta ondoren mokadua

Finala 17:00etan hasiko da Arantzako frontoian eta sarrera doakoa izango da. Saioa amaitutakoan mokadua eskainiko da eta bertaratutakoen artean zozketa egingo da.

Zabaldu: