(argazkia: Bilboko Udala)

Ekainaren 27an abiatuko da Kalealdia, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia

Uztailaren 2ra bitartean, Euskal Herriko zein nazioarteko kale antzerki taldeak ariko dira hirian.

Ekainaren 27tik uztailaren 2ra bitartean, 23. Kalealdia ospatuko da Bilbon, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia. Euskal Herriko zein nazioarteko taldeek hartuko dute parte bertan. 2022 honetarako jaialdia, gainera, indartuta datorrela aurreratu du Bilboko Udalak, “programazio gehiago, eremu gehiago eta dekorazio gehiagorekin”.

Gonzalo Olabarria Bilboko zinegotziak azaldu duenez, “ikuskizunak antzeztea baino haratago doazen proposamenak dira, lekua eman nahi diegu eta agerira ekarri. Dekorazio- eta arte-instalazioak izango ditugu, eta protagonistak, berriro ere, dantza, zirkua, antzerkia eta beste hainbat izango dira. Egitaraua hobetu egin da ostera ere, zabalagotu eta askotarikoago bihurtu, bazter gehiagotara iristeko eta bilbotarrek kalitateko aisialdi eta kultura eskaintzaz aire librean gozatu ahal izateko, irisgarriak, askotarikoak eta kalitate itzelekoak”.

Hala, 23. edizio honek nazioarteko artista asko ekarriko dituela nabarmendu du antolakuntzak, pandemia dela-eta murritzago gauzatu behar izan den bi urteko epe honen ostean. Europako hamar konpainia izango dira Bilbon: Chris Iris (Alemania); Das Arnak (Frantzia); Keep Company (Frantzia); Le Piano Du Lac (Frantzia / Espainia); Les Malles Cie. (Suitza); Les Rustines De L’ange (Frantzia); Nicole & Martin (Suitza); Ô Quel Dommage Cie. (Belgika); Panorama Kino Theatre (Suitza); eta Tobia Circus (Italia). Horiez gain, Brassass konpainia, Argentinatik.

Euskal konpainiei dagokienez, Dantzaz, Ertza, Hika Teatroa & Oinkari Dantza Taldea, Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak, La Trapecionista Cia, Mysterieuses Coiffures, Panpotx Kultur Elkartea, Trakamatraka eta Zirkozaurre izango dira jaialdian.

Kalealdia hirian zehar banatutako hainbat agertokitan egingo da: Kasilda Iturrizar parkean, Arriaga plazan, Plaza Biribilan, Plaza Barrian, Bizikidetasun Plazan, Gas Plazan, Arriaga Antzokiaren alboan eta Bizkaia Aretoan. Nabarmentzekoa da, aurten, jaialdiak eremu gehiago izango dituela San Frantziskoko hiri ortuan, eta Bilboko Itsasadarrean.

Egitaraua ikusteko, hemen.

Zabaldu: