(argazkia: elkar)

[BIDEOA] EKE-Elkar literatura beka aurkeztu dute

Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Elkar Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bultzatzeko asmoz, EKE-Elkar literatura beka aurkeztu dute gaur Donostian. Ekimena bi urtean behin antolatuko da eta Gazteluma beka ordezkatuko du.

2000. urtean Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak Gazteluma literatura saria sortu zuten Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko eta beren obrak argitaratu ahal izateko. Orduz geroztik, bederatzi idazle saritu dituzte, azkena Maddi Ane Txoperena izan zen. Baina antolatzaileen arabera, “Gazteluma sariaren garaia amaitu da”. Izan ere, literatura sorkuntza laguntzeko beka horrek aldaketa bat behar zuela uste zuten Elkarrek eta EKEk. “Gazteluma bezala, hau ere bi urtean behin antolatuko da eta beti euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazleei zuzenduta egongo da”. Adinaren irizpidea, berriz, desagertu da. EKE-Elkar literatura beka honen beste berritasun nagusia literatura generoaren hautaketan datza. Eleberri edo ipuin bildumara mugatu ordez, bi antolatzaileek nahiago izan dute genero ezberdin bat proposatu edizio berri bakoitzarentzat. Aurtengoa, komikia edo eleberri grafikoa izango da.

Hala, beka honekin beste pauso bat eman nahi izan dute. “Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea”, adierazi dute.

Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu.

Parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu: