Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako kultura eragile ezberdinak elkartzea ere du xede egitasmoak.
Euskal kulturaren inguruko ikusmoldeak trukatzeko, partekatzeko eta proposamenak egiteko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak Elkartuz izeneko zikloa abiatuko du 2021eko urritik 2022ko martxora bitartean. Egitasmoa artista profesional eta hasiberriei, eta euskal kulturaren alorrean ari diren elkarteei zuzenduta dago. EKE-k azaldu duenez, “helburua euskal kulturaren diagnostiko partekatu bat egitea da Ipar Euskal Herri mailan, honek datozen urteetako EKE-ren kultura egitasmoa elikatuko duelarik”. Honekin batera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako kultura eragile ezberdinak elkartzea du xede Elkartuz-ek. “Hori dela eta, trukaketa desberdinen bidez, kultura alor bakoitzeko pertzepzioak eta dinamikak ezagutu nahi ditugu, modu kolektiboan gogoetatu nahi dugu eta ikuspegi amankomun bat ukan”, adierazi du Johañe Etchebest Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak.
Gainera, egitasmoak lurraldeko elkargoetako kultura politikekin osagarritasunean (Eskualdea, Departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa) kontutan hartu beharko dituen erronka kolektiboak identifikatu nahi dituzte.
Tailer tematikoak ostegun guztietan izango dira, urritik martxora bitartean, 18:00etatik 20:30era, EKE-ko Uztaritzeko egoitzan.
Lantegi bakoitza kultura alor bakar baten inguruan iraganen da. EKE-k zortzi alor identifikatu ditu orotara: antzerkia, dantza eta dantzatzeko musika, literatura, bertsolaritza, gaur egungo musikak, koru kantua, arte bisualak, eta zinema.
Parte hartu nahi duenak, hemen du aukera.