Diskoaren izen bereko antzezlanaren irudia (argazkia: Ekida)

Ekidak ‘Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean’ diskoa kaleratu du

Gabriel Aresti hil zenetik 50 urte betetzen diren egunean, ekainaren 5ean, aurkeztuko dute lan berria, Bilboko Bira espazioan.

Gabriel Aresti hil zenetik 50 urte bete dira aurten eta Ekida arte ekimen sozialistak disko bat osatu du poeta bilbotarraren hainbat poema oinarri hartuta. Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean izenpean, bederatzi kantuz osatuta dator lana eta Elene, Borla, J Martina, Mateo Zikuta, Calie, Berun, Mirotz, Rodeo, Nakar eta Malakias talde eta bakarlariek hartu dute parte abestiak ontzerako orduan.

Ekidak azaldu duenez, “poemak modu anitzetan erabili dituzte musikariek. Elenek, esaterako, Zortzi bertso berri sorta musikatu du eta Rodeok Irrintzi gorri batekin poema, Arestik azken urteetan idatzia lehenengoa eta Harri eta herritik hartua bigarrena. Borlak Egunen batean olerkian eta Berunek Egia bat esateagatik poeman oinarrituta egin dituzte izen bereko kantak, Harri eta herri liburutik hartuak horiek ere. Mirotz talde gasteiztarrak Gaztearen ahoa bihurtu du Arestiren Gizonaren ahoa poema. Nakarrek hainbat poema labur nahastuta ondu du Harrizko herri hau kanta eta Mateo Zikutak eta Caliek Arestiren poemetatik eta bizitzatik ateratako erreferentziaz betetako rap-kanta egin dute. Azkenik, Malakiasek Forjarien kanta ezagunaren bertsioa egin du, “abesti hau ez da Arestirena, herrikoia da, baina Arestiren garaiari lotuta ageri zaigu askotan”, zehaztu du Ekidak.

Gabriel Arestiren obra eta musika

Arte ekimen sozialistak azaldu duenez, Gabriel Arestiren obra poetikoa beti egon izan da musikari lotuta. Hainbat artistak eta taldek musikatu izan dituzte haren poemak hamarkadetan zehar. Oskorri taldea da, jakina, talde horietako nagusia, poeta bilbotarrarekin batera hasi baitzuen bere ibilbidea eta kanta ugari sortu zituen bien arteko elkarlanak: Guretzat, Emazurtz eta Gora ta gora beti kantak dira horietako batzuk. Handik aurrera ere mantendu da Arestiren poemak musikatzeko ohitura eta Xabier Letek, Imanolek, Leihotikan taldeak edota Eñaut Elorrietak osatu izan dituzte kantak haren poemekin”.

Disko berria ez da Ekidak poeta bilbotarraren heriotzaren urteurrenaren harira egiten duen aurreneko kontua. Diskoaren izen bereko antzezlana ematen ari dira apiriletik, “Arestiren obra eta figura oholtza gainera” eramateko asmoarekin. Apirilaren 13an estreinatu zuten obra Bilboko Kafe Antzokian, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak antolatutako Aresti 50. Euskaldun eta Marxista jardunaldiaren barruan. Diskoak eta antzezlanak “asmo berari erantzuten” diotela adierazi du Ekidak, “Arestiren poeta komunistaren figura aldarrikatzea, ez memoria-ariketa huts gisa, baizik eta gaurkorako eta biharkorako balio digulako”. Arestiren obra eta figura “gaurkotzea”. Horren adibide da diskoa.

Diskoa modu kolektiboan ondu du Ekidak. Horrekin musika lantzeko eta ekoizteko “eredu bat” landu nahi izan du, errentagarritasunak gidatutako musika-ereduaren kontrako alternatiba gisa. Musikari eta taldeek nork bere kanta egin badute ere, grabaketak, ekoizpena eta, oro har, prozesu osoa modu kolektiboan eta independentean egin dute.

Diskoaren aurkezpena Bilbon

Aresti hil zenetik 50 urte betetzen diren egunean bertan, ekainaren 5ean, Ekidako kideek diskoa aurkeztuko dute, Bilboko Bira espazioan. Bertan, lana lehenengoz entzuteko aukera izango da eta kantek oinarri dituzten poemak errezitatuko dituzte Lurdes Ondarok, Irati Oskozek eta Gerizeti Zubiaurrek. Gainera, parte hartu duten artistekin ere solasaldia egingo dute abestiaren sorkuntza-prozesuaz, Aresti berreskuratzeaz eta beste. Emanaldirako sarrerak doakoak izango dira.

Ostiralean, berriz, plataforma guztietan argitaratuko dute diskoa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna