Testua eta argazkiak: Mintzoak.eus ataritik ekarriak Creative Commons lizentziari esker.
Gure ahozko oroimenen altxorrak agerian eman nahi dituen erakusketa ibiltari eta multimedia berria irailaren 25etik azaroaren 7ra izango da.
Euskal Kultur Erakundeak proiektu handi bat hasi zuen 2007an: Ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren bilketa. Programa hau, gaur egun Eleketa izenarekin ezagutzen da, Pirinio-Atlantikoetako departamendu Kontseiluaren obragintzapean egiten da, urtero hogeita hamar bat lekukotasun bilduz.
Lekukotasun filmatu bakoitza numerizaturik, zatikaturik eta deskribaturik da (zatiaren edukia, lekukoaren biografia, elkarrizketaren baldintzak), Baionako departamentuko artxibategian artxibatua eta publikoari komunikatua izateko gisan.
EKEk Eleketa fondoaren aberastasuna ezagutarazi nahi du. Eleketa, ahozko oroimenak multimedia erakusketa xede honekin sortua izan da: lurralde bakoitzean bildu lekukotasunak lurraldera itzul daitezen eta jendeak goza ditzan.
Irailaren 25etik azaroaren 7ra bitartean, Pierre Espil mediatekan, beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute bideo-pasartez pasarte. Berrehun baino gehiago dira ikusgai izanen diren grabaketa horiek.
Azpimarratzekoa da bideo-pasarteak beren jatorrizko transkripzioarekin eta itzulpenarekin (euskaraz edo frantsesez) aurkeztuak izanen direla erakusketan. Horrela, bai euskaldunek eta bai erdaldunek gozatzen ahalko dituzte urtez urte bildu lekukotasunak.
Elkarrizketetan aipatu diren gaiak: zapatagintzaren industria, mugimendu sozio-kulturalak, politika eta erlijioa, bizimoduak, baserri mundua, hezkuntza, erritualak…
Bestalde, horien denen osagarri, lurraldeko lekukoek utzitako zenbait irudi eta objektu erakutsiak izanen dira ere.
Partikularrak eta ikerlariak bezala, tokiko irrati eta telebistak ere ari izan dira eta ari dira oraino Euskal Herriko memoriaren biltzen. Maite Barnetchek (1941-1986) hanbat erreportaje egin zituen, telebista publikoak Euskal Herria orai eta gero llelopean zabaldu zituenak 1971-1986 arte hortan. Horietarik batzuk ikusten ahalko dira Hazparnen, denak lurraldean filmatuak.
Sortzaileei ere erakusketan parte hartzeko parada eman die ere EKEk. Lur Olaizola (Donostia, 1988) eta Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagilei ahozko memoriaren gaia esploratzea eskatu zaie. Bakoitzak bere gogoeta eta irakurketa pertsonalak eskainiko dizkio bisitariari aurkeztutako lanen bitartez (Gipuzkoako diputazioak laguntza ekarri dio Lur Olaizolaren egitasmoari).
Eleketa, ahozko oroimenak erakusketak Iparraldeko beste lurraldeetan ibili behar luke ondoko hilabeteetan, betiere tokian tokiko testuinguruari egokituz, han eta hemen bildu lekukotasunak baloratuz. 2020ko azaroaren 13tik abenduaren 13ra Donibane Lohizunen erakutsia izanen da, adibidez.
Informazio gehiago jatorrizko testuan.