(argazkia: Alondegia)

Elena Aitzkoa artistaren ‘Lendia Song’ obra Bilbon ikusgai

Lendia aintziraren inguruko proiektu performatibo eta kolaboratiboa da obra.

Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984) artistak Lendia song izeneko lana jarriko du ikusgai  apirilaren 22tik uztailaren 4ra bitartean, Bilboko Alondegian. Lendia aintziraren inguruko proiektu performatibo eta kolaboratiboa da obra eta sorkuntza garaikideari laguntzeko Babestu programaren barruan aurkeztuko du artistak. Kantuaren, ikus-entzunezkoaren eta dantzaren bidez, Aitzkoak ·agerian uzten du naturarekiko eta paisaiarekiko harremana, ikus-entzunezko kantutegi itxurako koreografia bat eraikiz”.

Artistaren sorkuntza-lanak ekosistema heterogeneo bat dira, eta ingurune gutxi-asko hurbileko elementu fisikoak eta emozionalak eta bizi-esperientziak dituzte oinarrian. Materiaren konfigurazio poetikoan jartzen du fokua eta sormen-energia, eta edertasuna hartzen du izakien arteko lotura elementu gisa.

Elena Aitzkoa, besteak beste, eskulturan, marrazketan, poesian eta performancean, eta zinemagintzan egiten du lan. Azken proiektuen artean, hauek nabarmendu daitezke: Zarza Corazon (2019), Valladolideko Museo Patio Herreriano; Paraiso Terrenal (2019) poemen eta txistuen biniloa; Nuestro amor nacio en la Edad Media (2018) filma, eta Headscarfs close to the Ground performanceen zikloa, Oslo Pilot-en esparruan egina (2016). Kolektiboki eta performancearen esparruan, nazioartean herrialde hauetan erakutsi du bere lana orain arte: Ingalaterra, Italia, Japonia, Txina, AEBak, Portugal, Norvegia eta Suedian.

Obra apirilaren 22tik uztailaren 4ra bitartean egongo da ikusgai Bilboko Alondegian, asteartetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara. Sarrera Doakoa izango da.

Zabaldu: