Elgoibar, kultura eta hizkuntza aniztasunaren elkargune

Musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau oparoaz gozatzeko aukera egongo da ekainaren 11n Auzoko jaian. Euskara komunikaziorako tresna bihurtu eta aniztasunean oinarritutako euskal komunitatea eraikitzea da Auzokoren helburua.

Elgoibarren elkartuko dira aurten ere Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako partaideak. Ekainaren 11n, igandea, goizeko 11:30ean abiatuta, jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturek bat egingo dute, euskaratik mundurako zubiak eraiki eta elkarrekin aniztasunean gozatzeko. Herriz herri egiten den lana plazaratzearekin batera, parte-hartzaileek bertaratzen diren euskaltzaleekin bizipenak konpartitzeko aukera eskaintzen du Auzoko Jaiak, inguruko elkarte eta kultura eragileekin batera. Horretarako, musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau oparoa osatu dute Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarra elkarteak eta Elgoibarko Udalak.

Antolatzaileek zehaztu dutenaren arabera, “aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere ekitaldi txiki batek emango dio hasiera egunari Kalegoen Plazan. Hamaiketakoaren ostean, gorputzak berriro martxan jarriko ditugu herrian zehar egingo den musikaz eta dantzaz girotutako ibilbidearekin. Ondoren, Maalako parkera zabalduko da festa, eta bertan zenbait tailer eta ekintzetan parte hartzeko aukera egongo da, haurrentzako jolas gunea tartean. Gainera, bertaratutakoek Auzoko egitasmoaren saioetan burutzen diren dinamikak ere hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte. Munduko Hizkuntzen Agertokian, bere aldetik, euskal doinuak beste hainbat herrialdetakoekin batera oholtzaratuko dira”.

Eguerdi partean, geldialditxo bat egin eta mahaiaren inguruan batzeko unea helduko da, Auzokoko partaideek prestatutako jatorri anitzeko jakiak probatzeko. Azkenik, eguna hasi bezala bukatuko da, hau da, musika eta dantza artean, dantza afrikarren tailerrarekin eta plaza dantzen saio batekin emango baitzaio amaiera aurtengo festari.

Euskaratik zubiak eraiki

Urtean zehar egindako lanaren erakusleihoa da Auzoko Jaia, herri ezberdinetako partaideen artean sareak ehuntzen jarraitzeko tokia. Atzera begira, Bergaran egin zen lehen aldiz 2014an eta ordutik hona Eskoriatzan, Oñatin, Antzuolan eta Arrasaten antolatu izan da, besteak beste. “Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu da gaur egun aniztasunaren sare hori, Auzokok martxan dituen proiektuei esker. Horien bitartez haur, familia eta adin guztietako herritar heldu berriei zuzentzen zaizkie, eskoletan eta herrietako kultura eta euskara eragileekin batera hurbileko lana eginez”.

Euskaratik mundurako zubiak eraiki, edo, bestela esanda, euskaratik urrun bizi direnak (auzokideak) euskarara gerturatu eta hizkuntzaren bidez euren herrietan auzotzeko aukera eskaini. Helburu horrekin biltzen dira taldeak, euskaraz aritu eta elkarrekin bizikidetzarako espazioak sortzeko. Talde horietan ezinbestekoak dira euskal hiztunak ere, auzotarrak, alegia, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta, bide batez, elkarrengandik ikasteko. Honela, Euskal Herriko errealitate eleanitzari aitortza eginez, Auzoko egitasmo parte-hartzailearen bitartez euskarara hurbiltzen direnei harrera integrala eskaini eta hizkuntza herritarren esku jartzen du Euskaltzaleen Topaguneak.

Zabaldu: