(argazkia: EHU)

Eli Arabaolaza ikertzaileak eta Iñigo Argomaniz sustatzaileak irabazi dute aurtengo Donostiako Orfeoia-EHU Saria

Sari banaketa ostiralean, apirilak 19, egingo da EHUren Ignacio Maria Barriola Zentroan. Bertan, Donostiako Orfeoiak emanaldi labur bat eskainiko du. Ekitaldia publiko orokorrari irekita egongo da, edukiera mugatuarekin.

Eli Arabaolaza ikertzaileak eta Iñigo Argomaniz sustatzaileak Donostiako Orfeoia- EHU Saria irabazi dute. Sariketaren hogeita hirugarren edizioa da aurtengoa, eta bi helbururekin sortu zen: musika sorkuntzako ibilbide profesionala aitortzea eta musika arloko ikerketa sustatzea.

Arabaolazak Musika ikerketa sustatu eta indartzea kategorian jaso du saria, La Orquesta de Euskadi 1982-2022: Implicaciones culturales y educativas izeneko lanagatik. Halaber, zuzeneko kontzertuen sustapenean egindako lanagatik eta izandako ibilbide nabarmenagatik jaso du saria Iñigo Argomaniz sustatzaileak.

Argomaniz “oso eskertuta” agertu da “Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Donostiako Orfeoiarekin, zuzeneko musika, artistak garatzeko lana eta nire pertsonaren atzean dagoen taldearen lana aitortzen duen sari honengatik”. Bestetik, Arabaolazaren hitzetan, “ohorea da sari hau jasotzea; beste edizio batzuetan nire erreferenteek irabazi duten saria irabaztea oso hunkigarria da”.

Sari banaketa ostiralean egingo dute, apirilak 19, 19:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Maria Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian. Ekitaldi akademiko honetan Donostiako Orfeoiaren presidente Antxon Eloseguik eta EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak hartuko dute parte.

Amaitzeko, ekitaldian bertan, Donostiako Orfeoiak emanaldi labur bat eskainiko du bere errepertorio tradizionaleko obrekin. Ekitaldia publiko orokorrari irekita egongo da, edukiera mugatuarekin.

Zabaldu: