Martxoan izango da ikuskizunaren estreinaldia Getarian.
Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak Elkano battela, xumea baina gurea helduentzako ikuskizuna sortu dute elkarlanean. Getariako Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen lehen mundu-biran inspiratuta. Hiruren artean ikus-entzuleak musikaz eta literaturaz osatutako bidaia oniriko batean barrena gidatuko dituzte.
Artistek Donostian aurkeztu dute lana, (EKE) Euskal Kultur Erakundearen zuzendari Pantxoa Etchegoinekin eta Elkano Fundazioaren proiektu koordinatzaile Rafa Zulaikarekin batera. Izan ere, bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten iazko maiatzean, literatura- eta musika-lanen bidez zenbait arlori buruzko ezagutza sustatzeko: “Elkanori eta lehen zirkumnabigazioari buruzkoa, batetik, eta bestetik, garai hartako testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzkoa, euskal kostaldeko herri guztiek itsasoari lotuta duten ondare partekatua den aldetik”. Eta hain zuzen, hitzarmen horren emaitza da Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna.
Amestoyk, Alberdik eta Elgoibarrek hauxe dute proiektu artistiko batean elkarrekin aritu diren lehen aldia. Alberdiren kasuan, zinemarako eta arte eszenikoetarako musika sortzen aritzen da normalean, eta lehen aldiz izan du aukera ahozko kontakizunei laguntzeko musika konposatzeko, eta, dionez, “izugarri gozatzen” ari da. Kontalariaren arabera, berriz, “nahiz eta elkar ezagutzen ez genuen, biok dugu lankidetzan aritzeko eskarmentua, eta berehala ulertu genuen elkar eta dena oso erraz joan da”.
Amestoyk azaldu duenez, “Elkanoren itsasbideari jarraituz, hark sekula entzun gabeko kontakizun eta kondaira batzuk aurkitu nituen, eta haietan oinarrituta kontakizuna antolatu dut”, eta konpositoreak, berriz, “hainbat lekutako kutsuak” dituen partitura bat garatu du, kontakizuna lotu eta girotzeko. Agertoki gainean, Kepa Elgoibarrek musikarekin eta abestiekin aberastu egingo du kontakizun- eta musika-ikuskizun hau.
Oraingo osasun-egoera dela eta, sortzaileek elkartu ezinik garatu behar izan dute lanaren zati handi bat, baina jada hasiak dira elkarrekin entseatzen, martxoan Getarian izango den estreinaldirako, “pandemiari aurre egiteko neurri berriek aukera ematen badute behintzat”, adierazi dute.
Aurrerago, apirilean, ‘Elkano battela, xumea baina gurea’ herritar guztiek ikusi ahal izango dute, Ipar Euskal Herrian.