(argazkia: Elkar Fundazioa)

Elkar Fundazioak 50 urte bete ditu

Taldeak urteurren eta Adunako egoitza berria baliatzea erabaki du, bere jarduna euskal eragileen artean ahalik eta gehien ezagutarazteko.

Elkar Fundazioak 50. urteurrenaren berri eman eta bere egoitza berria ezagutzera emateko agerraldia egin du gaur goizean. Adunako egoitza berrian, Joxemari Sors, Fundazioko lehendakaria, Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria eta Mikel Esnal, Elkar Taldeko zuzendari-kudeatzailea agertu dira hedabideen aurrean.50 urteko ibilbide luzea duen erakundea izanagatik ere, eremu askotan ezezaguna da Elkar Taldearen lana. Hori kontuan hartuta, Taldeak erabaki du urteurren borobila eta Adunako egoitza berria baliatzea bere jarduna ahalik eta gehien ezagutarazteko euskal eragileen artean.Urte hauetako Taldearen sorrera eta garapena azaldu dituzte hiru ordezkariek Ipar eta Hego Euskal Herrian emandako urratsen bidez; 60. hamarkadako bigarren zatian Joseba Jaka gaztea etxez etxeko salmentak egiten hasi zenetik, gaur egun Taldeak Euskal Herrian nahiz estatu mailan dituen egiturak, lankidetzak, proiektuak eta erronkak barne.

Azaldu dutenez, “sorreratik erabaki zen, garaiko beharrak ikusita, zerbitzu integrala eman eta liburuaren balio kate osoa antolatzea: argitalpena, banaketa eta salmenta. Halaxe mantendu da gaur egunera arte, eta etorkizunera begirako taldearen erronkak ere bide beretik doaz”.Urteurrenaren harira antolatutako ekintzen artean, maiatzak 26an Adunan egingo den ekitaldian bi sari emango dira aurten, Ibilbideari Elkar saria eta Joseba Jaka beka.Bi urtetik behin ematen den beka hau, aurten musika proiektuak laguntzeko izango da eta Ines Osinagak jasoko du, Itsasoa da bide bakarra izeneko musika proiektua lantzeko.

1996an hasita urtero ematen den Ibilbideari Elkar saria bi eragilek jasoko dute aurten. Fundazioak erabaki du aurten Elhuyarri eta UEUri saria ematea, gogoan hartuta bi euskalgintzako erakunde horiek ere aurten 50 urte beteko dituztela.

Zabaldu: