(argazkia: Barakaldoko Udala)

Euskal Herriko Emakume Argazkilari Berrien Lehiaketan izena emateko epea zabalik

Baffest jaialdiak antolatutako lehiaketan parte hartu nahi dutenek martxoaren 15era arte izango dute lanak aurkezteko aukera. Aitziber Orkolaga iazko lehiaketako irabazlearen Plaketak erakusketa ere aurkeztu dute. 

Emakumeek egindako argazkigintzari ikusgarritasuna ematea du xede Barakaldoko Baffest jaialdiak. Gaur aurkeztu dute bosgarren edizioa eta horrekin batera, webgunea estreinatu dute eta emakume argazkilariei deia egin diete lehiaketan parte har dezaten. Antolatzaileen arabera, jaialdia urtetik urtera sendoagoa bihurtzen ari da, izan ere artea eta aldarrikapena ditu oinarri, “oso argi dugu kultura bitarteko paregabea dela herritarrak askotariko gaietan sentsibilizatzeko. Horietako bat berdintasunarena eta emakumearen paperaren aldarrikapenarena da”.  Erakusketa bakoitzaren bitartez gainera, erakutsi behar diren errealitate sozial ezberdinak erakusten dituztela nabarmendu dute.

Jaialdia maiatzaren 4tik 31ra izango da Barakaldoko hainbat gunetan, baina aurretik motorrak berotzen hasteko, euren argazkiak bertan erakutsi nahi dituzten emakumeei deia egin diete hautagaitzan parte har dezaten. Interesa dutenek, beraz, martxoaren 15era arte izango dute lanak aurkezteko epea zabalik.

Nagore Legarreta lehiaketako arduradunarekin batera, beste zortzi emakume argazkilarik osatuko dute epaimahaia. Irabazleak datorren urteko Baffest jaialdiko Sail Nagusian parte hartzeko aukera izango du, gonbidatu gisa. Hala, aurtengo edizioan Aitziber Orkolaga donostiarraren Plaketak erakusketa egongo da ikusgai Barakaldoko kaleetan zein Hizkuntza Eskolan, maiatzaren 31ra arte. Orkolagak 2019ko edizioa irabazi zuen.

Parte hartzeko oinarriak eta informazioa hemen.

Zabaldu: