(argazkia: GFA)

‘Emakume arkeologoak Gipuzkoan’ erakusketa antolatu dute Donostian

Erakusketa uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai Garbera merkataritza zentroan. Halaber, historiaurreari buruzko doako tailer bat antolatu dute 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, ekainaren 22an, larunbatean, goizeko 11:00etan.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakume arkeologoak Gipuzkoan izeneko erakusketa aurkeztu dute Garbera merkataritza zentroan. Erakusketako komisarioa da Aizpea Goenaga eta adierazi duenez, “erakusketak azpimarratzen du emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan duten garrantzia. Azalpen-paneletan kontatzen du arkeologiako sektore estrategikoetan sartzeko, erabat integratzeko eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari daude, aukera bakar eta aparteko honetan ikus daitezkeenak”.

Erakusketa honen ibilbidea 1903an abiatzen da, Alfontso XIII.a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri ziren eta, hala, emakumeek presentzia handiagoa hartzen hasi ziren ikerketetan, Maria Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakusten duten bezala, eta joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, izen handiko bi arkeologok, ia ezezagunak beren herrialdean eta biak donostiarrak, berresten duten bezala: Ana Maria Muñoz Historiaurreko lehen katedraduna, eta Lola Echaide Soriako Torralba eta Ambrona aztarnategietako landa-arduraduna F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetan.

80ko hamarkadatik aurrera, emakumeak gero eta espazio garrantzitsuagoak hartzen joan ziren, baita ikerketan garrantzi handia erakutsi duten sektoreen buru izatera igaro ere. Gaur egun, emakume arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta gero eta espezializatuagoa irudikatzen laguntzen dute.

Goenagak aitortu du Garberan ikusgai egongo den erakusketa lagin txiki bat besterik ez dela, erakusketa erabilgarri zegoen espaziora egokitu behar izan dutelako. Erakusketaren gainerako zatia ezagutu nahi dutenek katalogo osoa deskargatu ahal izango dute QR baten bidez.

Bere aldetik, Eider Conde-Egia Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio-arduradun eta erakusketari buruzko Arkeologoak liburuaren egileak azaldu duenez, “ikerketa lan izugarria egin dugu bi urtez, erakusketan erakutsi ezin izan dugun eduki asko geneukan, eta, beraz, argitalpen bat egitea ezinbestekoa zen zintzilik geratu zen informazio guztia osatzeko. Liburu honek Gipuzkoako arkeologiari, horren diziplinei eta protagonistei buruzko edukia osatu eta gehitu nahi du. Arkeologo guztiek erakusketan beren lekua izateko modu bat ere bada”.

Gipuzkoako kultura eta ondarea zabaltzeko

Goizane Alvarez diputatuak azaldu du Garbera zentro komertziala “ez dela erakusketa baterako ohiko espazio bat”. Hala ere, onartu du bat datorrela departamentuak Gipuzkoako kultura eta ondarea publiko guztietara zabaltzeko erronkarekin. “Publiko berriak bilatzen ditugu, eta iruditzen zaigu leku aproposa dela horrelako erakusketa bisual eta interesgarri bat aurkezteko. Ekimen honen bidez, gure kultura-ondarearen aberastasuna jendea dagoen espazio batera eraman nahi dugu”.

Erakusketa uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai Garberan. Halaber, historiaurreari buruzko doako tailer bat antolatu dute 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, ekainaren 22an, larunbatean, goizeko 11:00etan. 25 plaza baino ez daude eta aldez aurretik izena eman beharko da www.aranzadi.eus webgunean.

Zabaldu: