Leyre Arraizaren Muskoko erakusketak ehunaren arintasuna zuraren zurruntasun bilakatzen du tradizioaren zamari heltzeko.
“Emakume erronkariarren jantzi tradizionala arte hutsa da berez. Jantzia osatzen duten atal guztiak. Artea da bere sorkuntzan, eta historia eta tradizioa bere interpretazioan, Leyre Arraizak horretan guztian sakondu du eta Muskoko instalazio artistikoan berrasmatu du”, adierazi dute esposizioaren antolatzaileek.
Izan ere Muskoko da erronkariar jantzia osatzen duen mantelinaren erdigunea markatzen duen borlaren izena. Artistak mantelinari uko egin dio, tradizioaren pisuari entzungor eginez, “besoak libre izan behar dituelako”; sortzeko, dantzatzeko, izateko libre. “Mantelina ez eramatea dantzan egin nahi izatea da beti”, aitortu du, jantziaren beraren hizkuntzari kontrajarrita, non jantzi bakoitzak esanahi bat duen eta bakoitzaren kokapenak eta erabilerak zentzu konkretu bat. Hain zuzen ere, Arraizak Muskokoarekin jolasten du, ispilua saihesteko elementua eta erdigunea aurkitzeko lengoaia; baina, horrez gain, begiratzeko eta zeharkatzeko beste modu bat ere bada, berak deskribatzen duen moduan.
Esanahi eta tradizio horretan guztian oinarrituta, Izabako artistak ehun sotil eta arinak erabili beharrean zura aukeratzen du bere instalazio artistikoan. Zuloz beteriko zura da, eta erdigunea markatzeaz ez ezik, espazioa eta begiratzeko, zeharkatzeko eta dantzatzeko beste modu hori nabarmentzen du.
Arraizak tradizio horiek guztiak bizi izan ditu, eta horiek berrinterpretatzea erabaki du. Artean graduatua eta Ikerketa eta Sorkuntzako masterduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, arkitektura-kutsua duen eskulturaren aldeko apustua egin du, bere jakin-min artistikoa erakuste aldera. Artistak paisaiaren egunerokotasunetik esploratzen ditu espazio eta gorputzaren arteko harremanak.
Bere obra talde eta bakarkako erakusketetan egon dira ikusgai Huarte Zentroan, Rekalde aretoan eta Montehermoso Kultur Zentroan, besteak beste. Halaber, hainbat sari eta beka jaso ditu, hala nola Ertibil Bizkaia, Nafarroako Artista Gaztearen Saria eta BilbaoArte Fundazioan egonaldia. Heretica(s) kolektiboko kidea da, eta performance eta ikerketa eszenikoko proiektuak garatzen ditu 2023tik, jaialdi eta espazio batzuetan kolaboratuz, hala nola Bulegoa z/b, Rekalde Lanean, Eremuak eta Inmersiones Gasteiz.
Muskoko erakusketa Iruñeko Ziudadelako Labean egongo da ikusgai ekainaren 28ra arte.