Emakume gidoilarien solasaldi batekin abiatuako da gaur, Noka Mentoring programa

Iratxe Fresnedak Meritxell Colell, Celia Rico eta Marina Stavenhagen autoreen gidoiak aztertuko ditu gaur, Donostiako Tabakalerako Z aretoan, 18:30ean. Euskal emakume zinemagileen pisua eta ikusgarritasuna indartzea du helburu Noka Mentoring programa.

Prestakuntza programa honek lehen topaketa irekia egingo du gaur, gidoi on baten gakoak aztertuko dituen solasaldiarekin. Urte osoan zehar zabalduko den ekimenak mentoreen eta ikasleen arteko prestakuntza saioak eta zinemaren industriako langileei zuzendutako mahai inguru irekiak uztartuko ditu.

Mentoretza programan, zinemaren sektorean ibilbide oparoa duten profesionalek aholkularitza saioak izango dituzte pelikula bat filmatzeko prozesuan dauden hiru euskal emakume zinemagilerekin: Agurra lehen film luzea filmatzen ari den Itziar Leemans-ekin, El Peso dokumentala grabatzen ari den Tamara Lucarinirekin eta 20.000 especies de abejas izenburua duen fikziozko film luzea egiteko prozesuan dagoen Estibaliz Urresolarekin.

Formazioaren lehen faseak gidoiaren prestakuntza du helburu, eta Meritxell Colell, Celia Rico eta Marina Stavenhagen zinemagileak dira lehen etapa honen arduradunak. Izan ere, beraiek idatzitako istorioak pantailaratuko dituzte: Colellek iaz estreinatutako Con el viento bere lehen film luzearekin hainbat sari eskuratu ditu; Ricok dozena bat sari irabazi ditu Viaje al cuarto de una madre opera primarekin; eta  Stavenhagenen ibilbidean De la calle edo Viaje redondo pelikulen gidoiak nabarmendu daitezke.

Tutoretzaz gain, hiru mentoreek Iratxe Fresnedak zuzendutako solasaldian parte hartuko dute gaurko saioan. Irrintziaren Oihartzunak eta Lurralde Hotzak dokumentalen zuzendaria eta ikus-entzunezko komunikazioko irakaslea da Fresneda. Topaketa honetan, gonbidatuen filmografiako eszena garrantzitsuen analisia egingo da, baita pelikula eta gidoi on batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak aztertu ere.

Datozen hilabeteetan, hainbat gai jorratuko dituzten prestakuntza saioak egingo dira: apirilaren 8tik 12ra, esaterako, zuzendaritzaren inguruko formazioa Alanis filmeko Anahí Berneri zuzendariarekin, Punto de Vista zinema jaialdiko zuzendari Garbiñe Ortegarekin eta El cielo gira filmeko zuzendari Mercedes Alvarezekin; ekainaren 3tik 7ra pelikularen ekoizpena izango dute hizpide Arena Comunicación ekoizpen-etxeko Itziar Garcia Zubirik, Avalon Produccioneseko Maria Zamorak eta Frida Films enpresako Luisa Romeok; eta urrian nazioarteko salmentari eta banaketari buruzko saioak egingo dira Silvia Iturbe aholkulariarekin eta Golem Distribucióneko Marta Artica banatzailearekin. Mentoretza-saioak burutzen diren aste guztietan zinemaren industriako profesionalei zuzendutako jarduera paralelo irekiak egingo dira.

Zabaldu: