Emakume ‘ikusezinei’ begira jarriko dira ‘21 aulki’ zikloan, Oiartzunen

Urriaren 28an eta azaroaren 25ean, Sinesgaitzari bide egiten: Emakume-ahotsen genealogiak ikastaroa ere antolatu dute.

Metrokoadroka Sormen Laborategiaren eskutik, Emakume ikusezinak begira izenpean aurkeztu duten 21 aulki zikloa, urriaren 4ean abiatuko da Tupust! komiki antologia feministarekin. Saioan Maite Gurrutxagak, Arrate Rodriguezek eta Ainara Azpiazuk parte hartuko dute, Iratxe Retolazak gidatuta, Ehuntze sormen espazioan.

Hurrengo egunean, hilak 5, Goiatz Labandibar, Aintzane, Galardi, Ainara Lasa eta Idurre Eskisabelen eskutik dator errezitaldiaren lehenengo zatia, bigarrenean berriz, Asier Sarasolak (Alejandra Pizarnik) eta Danele Sarriugartek (Audre Lorde) itzuli dituzten egileen testuak irakurriko dituzte.

Igandean, hilak 6, Emakume Burugabea ikuskizuna eskainiko da. Antzerki, musika eta literatura emanaldia uztartuko dituzte Antxiñe Mendizabalek, Nerea Gartziak eta Pello Ramirezek.

Horretaz gain, urriaren 28an eta azaroaren 25ean, Sinesgaitzari bide egiten: Emakume-ahotsen genealogiak ikastaroa ere antolatu dute, Iratxe Retolazak gidatuta. Tailer honetan euskal kulturako sortzaile batzuen ibilbideak izango dituzte hizpide, eta sortzaileen ekarpen artistikoak ezagutu ez ezik, kultur esparruan emakumeek aritzeko eta plazaratzeko izan dituzten aukerez zein mugei buruz arituko dira.

Bi saio horien bitartez, helburu hauek uztartuko dira: batetik, euskal kulturako hainbat ekarpen eta hainbat testuinguru kultural ezagutzeko aukera izango da; eta bestetik, ekarpen horien inguruko begirada feminista gorpuzteko aukera. Genero ikuspegiak eta genero kokapenek euskal kultura nola gurutzatu duten ikusiko dute.

21 aulki izena jarri diote ekimenari, Ehuntze espazioa txikia izanik gehien-gehienez hogei aulki jar ditzaketelako, horrela azaltzen dute webgunean. “Bertan antolatzen ditugun emanaldiak publiko-talde txikiei zuzenduak izango dira beti”. Batgarren horrekin, sinbolikoki, gonbidatuaren etorrera adierazi nahi dute. “Askotan nagusitzen den joeraren kontra, gure ustez emanaldi baten kalitatea ezin da erakartzen duen jende kantitatearen arabera neurtu. Antzoki handi zein txikia izan, emanaldi orotan edukia eta publikoarekin ematen den komunikazioa dira garrantzitsuena”, nabarmendu dute. Horregatik, formatu txikietan gauza handiak egin daitezkeela sinestuta daude. Errealitate hori kontutan hartuta, errezitatzera zein entzutera datozenei hitzordu goxo bat eskaintzea izango da egitasmoaren xedea.

Hogei aulki izango dituzte gehienez, baina ez dute baztertzen etorkizunean pertsona bakarrarekin osatutako publikoentzat ere antzerki emanaldiak antolatzea, “gertutasun handiko emanaldiak arakatu, ikertu eta eskaini nahi genituzkeelako aurrerantzean”.

Emanaldietarako aulkia doan erreserbatzeko aukera egongo da, helbide honetara idatzita edo ondoko telefonora mezua bidalita: ehuntze@gmail.com / 652701553

Zabaldu: