‘Emakume* izateko 60 modu’ irakurketa-gida kaleratu dute Nafarroan

Ekimenaren helburua da berdintasunari loturako baloreak zabaltzea euskarazko kalitatezko liburuen bidez. Hautatutako liburuek hausnarketarako parada eman nahi diete adin guztietako irakurleei. Horretaz gain, emakumeek bizi dituzten hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskaini nahi du.

Martxoaren 8an Emakume Langilearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako hainbat berdintasun eta euskara zerbitzuk Emakume* izateko 60 modu izeneko irakurketa-gida kaleratu dute.

Gidan emakumeak protagonista dituzten 60 liburu bildu dira, klasikoak eta berriak, guztiak euskaraz, eta adinaren arabera sailkatuta: lehen irakurketak (9 urte artekoak), 12 urte bitartekoak, gazteak eta helduak. Generoari dagokionez, era guztietako liburuak daude. Irudiak Anne Baskaranek sortu ditu.

Sustatzaileek azaldu dutenez, “xedea da berdintasunari loturako baloreak zabaltzea euskarazko kalitatezko liburuen bidez. Hautatutako liburuek hausnarketarako parada eman nahi diete adin guztietako irakurleei. Horretaz gain, emakumeek bizi dituzten hainbat errealitate ezagutzeko aukera eskaini nahi du. Horiek horrela, genero berdintasunera eramango gaituen bidean, proposatutako zerrenda lagungarri izatea nahi dugu”.

Denera, 2.000 gida banatu dira doan aipatutako eremuetako toki publikoetan: ikastetxeak, liburutegiak, kultur etxeak, liburu dendak…

Honako hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Malerrekako Mankomunitatea, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea, Baztango Udala, Sakanako Mankomunitatea, Iparraldeko Euskara Mankomunitatea eta Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna