Emakume Langilearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Bizkaiko museoek dozena bat jarduera eskainiko dituzte

Jarduera horien xedea Bizkaiko ondare kulturalaren sorkuntzan, kontserbazioan eta transmisioan emakumeek duten zeregina aitortzea da. Martxoan zehar egingo dira jarduerak.

La Encartada Fabrika Museoak, esaterako, hainbat jarduera antolatu ditu hilabetean zehar. Igandeetan, hilaren 14, 21 eta 28an, 12:00etan, genero ikuspegia duen familia-tailerra izango da, Berdinak al gara?. Mirenen, XX. mende hasierako langile baten paperean, eta gaur egungo emakume Milagrosen eskutik, publikoak azken belaunaldietako lan baldintzen, soldaten eta pentsamoldeen bilakaera eta aldaketak ikusi ahal izango ditu. Ondoren solasaldia egingo da, bisitan ikusitakoaren ondorioak eta iritziak partekatzeko. Familia tailerra izango da, 8 urtetik gorako haurrekin.

Martxoaren 13an Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean, berriz, Emakumeak eta txakolina mahai-ingurua izango da. Bertan, txakolinari lotutako hainbat esparrutako emakumeek hartuko dute parte: mahastizainak, sommelierrak, enologoak… euren esperientziak eta jakintzak kontatuko dituztek. Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta bukatutakoan txakolin dastaketa izango da.

Era berean, martxoaren 18an Bermeoko Arrantzaleen Museoak Mairin Mitchell. La cronista de Acurio hitzaldia eskainiko du. Xabier Armendariz ikertzaileak irlandar idazle ezezagunaz hitz egingo du, bere garairako aparta izan zen emakumea: anarkista, feminista, libertarioa, kazetaria eta itsas historialaria baina, batez ere, euskal itsasgizonen ondare historikoarekin konprometitutako emakumea. 1958an argitaratutako La odisea de Acurio eleberrian lehen munduko bueltan parte hartu zuen kontramaisu bermeotarraren abenturak kontatzen ditu. Ekitaldia 19:00etan izango da, Museoan.

Horrez gain, Santimamiñek emakumea historiaurrean gaiari buruzko bisita gidatuak eskainiko ditu martxoaren 13an eta 14an. Bisitak historiaurreko ezagutzak aztertuko ditu, ikuspegi kritiko eta, aldi berean, zientifikoarekin.

Bilboko Arkeologi Museoak Bizkaiko historiaren emakume ikertzaileak izeneko bisita gidatuak eskainiko ditu martxoaren 9tik 12ra, emakumeek Bizkaiko arkeologian eta ondarean egiten duten ekarpena ikusarazteko. Museoak haurrentzako tailerra ere antolatu du martxoaren 14, 21 eta 28an, Ispasterko arkularia izenburupean. Herri horretako hilobi-kobazuloan objektu bitxiz inguratuta aurkitutako buruhezurra oinarri, umeak arkulari izatera animatuko dituzte egun batez.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hiru jarduera eskainiko ditu. Lehenengoa Emakumeen artean paseoan bisita tematikoa izango da. Museoko aretoetan zehar egindako ibilbidearen bidez, bisitariak hainbat emakume profil ezagutzeko aukera izango du: erreginak, kirolariak, artistak edo, besterik gabe, emakume langile anonimoak. Hileko larunbat eta igande guztietan izango dira, 12:00etan.

Gainera, euskarazko bi literatura topaketa egingo dira Literatura eta Ondarea programaren barruan, bi euskal idazleren lanen zatien bidez euskarazko literaturarekiko eta ondarearekiko interesa sustatzeko. Martxoaren 11n Toti Martinez de Lezea izango da Urak dakarrena lanarekin eta martxoaren 13an Miren Agur Meabe, Nola gorde errautsa kolkoan eleberriarekin.

Museoak martxoko programazioa osatzeko Emakumeak eta itsasoa. Batelerak tailerra eskainiko da martxoaren 20an eta 21ean. Bertan, familiek, doan, emakumearen eta itsasoaren arteko harremana ezagutzeko aukera izango dute, batelarien lana bereziki.

Azkenik, Muskizko El Pobal burdinolak eta Muñatones gazteluak hitzaldi zikloa egingo dute, euren ikerketa arloan erreferentzia diren emakumeek gidatuta. Arkeologian, historian, artearen didaktikan edo paisaian adituak direnek zabaldutako jakintza eta ezagutza. Zikloa martxoaren 28an abiatuko da, Emakumea Erdi Aroan izenburupean egingo den lehen hitzaldiarekin. Janire Castrillo eta Irene Lopez historialariek erdi aroko historiako generoa aztertuko dute.

Zabaldu: