(argazkia: Iruñeko Udala)

Emakume migratzaileen ikuspuntua azalera ateratzeko erakusketa ireki dute Iruñeko Emakumeen Etxean

Collage teknikarekin egindako 17 artelanek osatzen dute Emakumeak eta kulturartekotasuna izeneko erakusketa. Ekainaren 20ra arte bisitatu ahal izango da.

Kulturartekotasuna emakume migratzaileen begiradaren bidez islatzen da Emakumeak eta kulturartekotasuna izeneko erakusketa berrian, haien ikuspuntua, iragana eta orainaldia eta etorkizuneko nahiak uztartuta. Udalak Emakumeen Etxean jarri du ikusgai, Kultur Aniztasunaren II. Astearen barruan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “Erakusketak 17 artelan ditu guztira, eta Gurutze Gorriak antolatutako lantegi artistikoaren emaitza da: izen bera du lantegiak, hau da, Emakumeak eta kulturartekotasuna. Lantegian 17 emakumek parte hartu dute, eta beren jatorrizko herrialdeetatik etorri eta Iruñean eta Agoitzen bizitzen hastearekin lotutako sentimendu eta itxaropenak irudikatu dituzte collage teknika baliatuta. Artelan bakoitzean emakumezkoen irudi batek gorpuzten du kulturartekotasunak artista bakoitzari iradokitzen diona”.

Laura Jordan Arilla izan da Gurutze Gorriaren egitasmoaren koordinatzailea, eta lantegia egitea posible izan da Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrari esker. Bai erakusketa eta bai lantegi artistikoa Abegitsuak proiektuaren parte dira. Egitasmo honek emakume-sareak sortzea du helburu, kulturarteko bizikidetza hobetzeko asmoz. Proiektua aurten jarri dute abian, eta 2026ra arte iraungo du gutxienez.

Abegitsuak proiektua

Emakume parte-hartzaileen prestakuntza sustatzea du helburu egitasmoak. Hain zuzen, Kulturarteko elkarbizitzaren eta bitartekaritzaren aldeko eragileei buruzko ikastaro bat antolatu dute proiektuaren barruan. Hauek dira ikastaroaren helburu nagusiak: proiektuaren kide diren emakumeei prestakuntza ematea, haien arteko harremana sustatzeko sareak sortu eta mantentzen laguntzea, eta Iruñea hiri askotarikoa eta plurala dela aintzat hartuta kulturen arteko bizikidetzari mesede egitea.

Lau saio antolatu dituzte jada apirilean eta maiatzean Iruñean eta Agoitzen, jatorri askotako 18 urtetik gorako emakumeentzako. Batez ere emakume migratzaile eta errefuxiatuek hartu dute parte. Besteak beste, herrialde hauetako emakumeek parte hartu dute egitasmoan: Argentina, Bulgaria, Estatu espainiarra, Nikaragua, Peru, Siria eta Ukraina. Prestakuntza jasotzeaz gain, emozioen kudeaketa eta arteterapia ere landu dituzte saioetan. Halaber, beste helburu honekin prestatu dituzte saioak: hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko eta kulturarteko bizikidetzari mesede egiteko guneak sustatzea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna