Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira (otsailak 11) antolatu dute erakusketa hau Cristina Enea Fundazioak eta Elhuyarrek.
Dorotea Barnes kimikaria (Iruñea, 1904-2003), Jeanne Baret botanikaria (La Comelle, Frantzia, 1740-1807), Lurdes Ansa zientzia-materialen edizio-arduraduna (Andoain , 1961), Maria Jesus Esteban matematikaria (Alonsotegi, Bizkaia, 1955), Uxue Lazcano biologo konputazionala (Bergara, Gipuzkoa, 1995) edota Suzuko Ainhoa Tamura hizkuntzalaria (Aichi, Japonia, 1934-2015) dira Cristina Enea Fundazioak eta Elhuyarrek omendu nahi dituen zientzilarietako batzuk, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira. Horretarako Emakume zientzialariak argira erakusketa zabaldu dute gaurtik hilaren 27ra bitartean Donostiako Cristina Enean.
Orotara hamabi emakume zientifiko eta euren bizitza, lorpenak eta ibilbidea jendaurrean erakustea da helburua, bereziki diseinatu diren laminen bitartez.
Eneko Calvo Etxarte Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradunaren hitzetan, “ekimen honen bidez, zientziari eta teknologiari modu esanguratsuan lagundu dioten emakumeen istorioak hurbildu nahi dizkiogu publikoari, eta haien lana eta ondarea ikusarazi”. Izan ere, erakusketa honek euskal jendarteari eta, modu berezian, haur eta gazteei, hurbildu nahi dizkio zientziaren eta teknologiaren alorreko emakume erreferente errealak, oraingoak eta iraganekoak, hainbat jakintza-arlotakoak, arrazializatuak, hasiberriak diren emakume gazteak eta bide profesional luze eta oparoak egindakoak, besteak beste.
Bizilabe sarea
Elhuyar duela bost urte hasi zen Bizilaberen barnean nazioarteko egun honen inguruko ekimenak antolatzen, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan.
Horiek horrela, Cristina Enea Fundazioak ekimen honekin bat egin du gaur, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela kausa; zehazki, beste hamaika herrirekin batera: Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.
“Erakusketa xumea izan arren, mezua oso indartsua da: emakumeek zientzian duten talentua aitortzea eta estereotipoak hausten laguntzea”, adierazi du erakusketako arduradunak. Izan ere, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, STEAM hezkuntzaren bitartez. Horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
12 zientzialari omenduak
- Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea
- Dorotea Barnes Gonzalez (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria
- Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria
- Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa
- Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria
- Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna
- Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea
- Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria
- Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista
- Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa
- Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria
- Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala