Hiru saio egingo dira: irailaren 30ean (Maialen Araolaza), urriaren 21ean (Aitana Lertxundi) eta azaroaren 6an (Eli Gallego). Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Amarako Kultur Etxeko areto nagusian.
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatu duten Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloak udazkenean jarraipena izango du.
Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, hainbat arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da. Elkarrizketatzailea Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzailea izango da. Horrez gain, “bi kulturen” estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.
Lehenengo solasaldia irailaren 30ean izango da. Maialen Araolaza biomedikuak adineko emakumeen osasunaren inguruko ikerketak egin ditu, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Ariketa fisikoa, ongizaterako giltza.
Aitana Lertxundi mediku-ikertzailea izango da bigarren elkarrizketatua. Lertxundi ingurumen-epidemiologiaren alorren dabil lanean urte luzez, eta urriaren 21ean Ingurunearen osasuna, gure osasuna izenburupean mintzatuko da.
Zer da elikadura osasungarria? izango da urteko azken solasaldia Eli Gallego nutrizionistaren eskutik, azaroaren 6an.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira.