Sistema kapitalistaren eraginez emakumeek jasaten duten objektualizazioa salatzea du helburu Mitxoleta film laburrak.
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioko 3.mailan dabiltzan ikasle talde bat sistema kapitalistaren eraginez emakumeek jasaten duten objektualizazioa salatzea helburu duen film laburra grabatzen hasiko da Berroeta herrian, eta, horretarako, diru bilketa kanpaina jarri dute martxan Itsulapikoa.eus plataformaren bidez. “Ikasle talde euskaldun gazte bat gara, eta beraz, proiektu hau aurrera eramateko ezinbestekoa dugu jendearen laguntza jasotzea. Guztioi eragiten digun gai baten inguruko film laburra da, eta horrenbestez, guztion artean eraiki eta sortzea oso esperientzia polita izan daitekeela pentsatzen dugu”.
Mitxoleta jarri diote izena film laburrari eta orain arte Euskal Herrian landu ez den fikzioa dela azaldu du lantaldeak, “ekarpen interesgarri bat” suposatuko lukeena. “Hamabost minutuko istorio batekin unibertso oso bat erakusten da, perfektua den sistema bat. Ipuin bat kontatzen da ikusleak bere haurtzaroarekin konektatzeko, eta errealitate bat erakusten da egungo gizartearekin lotura egiteko”.
Ikusleari pentsaraztea du helburu filmak. “Elizaren eraginez emakumeek jasaten dituzten tratu txarrei buruzko istorioa da kontatu nahi duguna. Istorio honetan errealitate hori islatuko da, non fikziozko gizarte horren arazo sozial eta ekonomikoa konpontzeko gai diren bakarrak emakumeak diren, baina Eliza eta gizonak diren hauek gobernatzen eta isilarazten dituztenak”.
Zehaztu dutenez, biolentzia eta kritika sozial ukituak dituen thriller bat da Mitxoletak.
Crowdfundingaren bitartez gehienbat grabaketa fasea eta post-produkzio fasea aurrera atera ahal izateko dirua lortu nahi dute. Horrekin batera, film laburraren zabalpen eta distribuziorako dirua jasotzea ere onena litzatekela diote.