(Azkoitiko Udala)

Emakumeek idatzitako liburuen azoka antolatu da Azkoitian, apirilaren 1etik 3ra

Gaur egungo euskal literaturari izena eta izana ematen dioten idazleak izango dira Geure Gelatik azokan: Arantxa Urretabizkaia, Irati Jimenez edota Eider Rodriguez, besteak beste.

Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka egingo da Azkoitian apirilaren 1etik 3ra bitartean. Maxixatzen Euskara Elkarteak antolatu du ekimena Udalaren laguntzarekin. Asteburu bete-betea izango dela nabarmendu dute egin duten aurkezpenean, “literatura, euskara eta emakumea izango dira protagonista nagusiak”, gaineratu dute.

Hala, gaur egungo euskal literaturari izena eta izana ematen dioten idazleak izango dira Azkoitian, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Irati Jimenez edota Eider Rodriguez. Argitaletxeei dagokienez, parte hartuko dute Elkar, Susa, Alberdania, Txalaparta, Pamiela Igela eta Erein etxeek.

Maxixatzen Euskara Elkarteko Julen Garatek, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari eta Pamiela argitaletxeko ordezkaria den Carmen Elvirak eta Susa argitaletxeko Leire Lopezek hartu dute parte aurkezpenean, Udaleko Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagarekin batera.

“Emakumea eta literatura betidanik egon dira lotuta, eta emakumea joan da merkatuan bere tokia egiten, baina emakumeok lehen lerroan jartzeko beti dauzkagu gainditu beharreko oztopo gehiago, eta horri buelta emateko, behar beharrezkoak ditugu horrelako ekimenak”, azaldu du Zubillagak.

Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak, bere aldetik, “azoka bat baino jai bat izatea” nahiko lukeela adierazi du, “literaturaren eta emakumeen jai bat”. Emakumeen begiradari erreparatu dio. “Zenbat emakume dago, idazleak, ilustratzaileak, irudigileak… hazten joan da emakumearen presentzia argitaletxeetan, eta horrelako espazioak izatea eta babestea garrantzitsua da”.

Maxixatzenek 2005etik 2008ra bitartean antolatu zuen Geure Gelatik liburu azoka, “baina orduan liburu bat aurkezten zen. Oraingo egitaraua indartsua da eta izen handiko autoreak datoz”, azaldu du Garatek. Azokarekin euskarari bultzada bat eman nahi zaiola ere azpimarratu du.

Liburu azoka eta liburu aurkezpenak, eta gainerako ekitaldiak Elkarguneko Herriko plaza aretoan izango dira.

Azokari hasiera ostiral arratsaldean, apirilak 1, emango zaio. Bertan, Arantxa Urretabizkaiari aitortza egingo zaio bere ibilbidearengatik. Egun berean, Amaia Zinkunegiren Otsandreak korrika kontaketaz gozatzeko aukera izango da.

Larunbatean, goiz eta arratsalde, liburu aurkezpenak egingo dira. Garbiñe Larrea Sendabelarrek dakitena liburuaren inguruan arituko da solasean; Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue, debatea piztu nahi duen saiakera liburuaren gainean egindako emanaldia aurkeztuko du. Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala, bere azken eleberria ekarriko du Azkoitira, “ia 40 urtez elkarrekin bizi arren, misterioa den aitarekin egoteko bidaia” jasotzen duen liburua. Larunbatean aurkeztuko den azken liburua Goiatz Labandibarren Amez izango da. Labetik atera berria hori ere, amez diharduten hogeita bat narraziok osatzen duten lana.

Igandean, Edna O`Brienen Landa aldeko neskak aurkeztuko du Gema Lopezek. Berak itzuli du euskarara XX. mendearen erdialdeko landa-giroan jaiotako bi neskatilen abenturak kontatzen dituen nobela.

Azokari amaiera emateko, 25 lagunek irakurketa egingo dute. Emakumeek idatzitako liburuetatik hartutako testuak irakurriko dituzte.

Zabaldu: