(argazkia: Bilboko Udala)

Emakumeek Zuzendutako Zinema erakustaldia urriaren 21etik 26ra, Bilbon

Egitarauak film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, testuak eta argazkiak biltzen dituen erakusketa bat eta gonbidatutako zuzendariekin topaketak jasoko ditu.

Zinemakumeak gara! jaialdiaren 29. edizioa aurkeztu dute gaur Bilboko BBK aretoan. urriaren 21etik 26ra egingo da.

Zinemakumeak gara!, emakumeek zuzendutako zinema-erakusketa, bueltan da Bilbora. 29. edizioa izango du aurten eta urriaren 21etik 26ra bitartean egingo da. Erakusketa hiriko hainbat espaziotan izango da: BBK aretoan, Bilboarten, BBK Kunan, La Bolsa eraikinean eta Golem zinema aretoetan.

Aurtengo egitarauak film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, testuak eta argazkiak biltzen dituen erakusketa bat (ikus-entzunezkoen euskal industriaren oraina genero-ikuspegitik erradiografiatzen duena) eta gonbidatutako zuzendariekin topaketak jasoko ditu.

Hala, publikoak hamar film luze ikusteko aukera izango du. Gainera, Dahomey (Mati Diop, 2024) film luzea, Berlinen Urrezko Hartza irabazi berri duena, Bizkaian estreinatuko da, jaialdiari hasiera emateko. Era berean, zazpi film labur (euskarazko azpitituluekin) eta Argentinako zinemaren historian funtsezkoak diren hiru lanen bertsio berrituak ikusiko ditugu: Camila (Maria Luisa Bemberg, 1984), Yo, la peor de todos (Maria Luisa Bemberg, 1990) eta Un muro de silencio (Lita Stantic, 1993).

Irekiera ekitaldia urriaren 21ean egingo dute arratsaldeko 19:00etan, BBK Aretoan. Bertan, Simone de Beauvoir 2024 saria emango diote Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilariari. Gainera, talentu berria balioan jartzeko, Nerea Alberdi konpositore eta moldatzaile bilbotarrak Bihargi EITB Saria jasoko du.

Azkenik, Bilboko ziklo honek bere programazioaren bertsio laburtu bat Basauri, Portugalete eta Bermeora ere eramango du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna