Egitarauak proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak eta sektoreko funtsezko figurei omenaldia egingo dien irekiera-ekitaldia jasotzen ditu.
Zinemakumeak gara!, emakumeek zuzendutako zinema-erakusketa, bueltan da Bilbora. 30. edizioa izango du aurten eta urriaren 27tik 31ra bitartean egingo da. Programak hainbat atal izango ditu: proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak eta sektoreko funtsezko figurei omenaldia egingo dien irekiera-ekitaldia.
Motorrak berotzen hasteko, baina, antolatzaileek Nola ikasi emakume izaten (eta ahaleginean ez hiltzen) atzerabegirakoa antolatu dute urriaren 20tik 24ra bitartean, BilboArten. “Ziklo honek erakusketaren 30 urteko historian zeharreko bidaia bat eskainiko du. Horretarako, nazioarteko film luze entzutetsu batzuk proiektatuko dira, baita gure katalogo historikotik atera dugun euskal emakumezko zinemagileek zuzendutako film labur sorta bat ere”, zehaztu dute. Sarrera doakoa izango da. “Hainbat lan berriz ikusi eta aldarrikatzeko aukera paregabea eta ezin hobea izango da. Lan hauetaz ari gara, adibidez: Perversiones de mujer (Susan Streitfeld, 1995), Rachida (Yamina Bachir-Chouikh, 2002), La batalla de Solferino (Justine Triet, 2013) eta Las mujeres de verdad tienen curvas (Patricia Cardoso, 2002)”.
Film Laburrak Femeninoan proiektatuz amaituko da zikloa. Estatu espaniarrean ekoitzi diren emakumeek zuzendutako film laburren programa bat da.
Prestakuntzari dagokionez, erakusketak bere ikus-entzunezko laborategi arrakastatsua aktibatu du berriro. Horren barruan Emakume heroiaren bidaia lantegia antolatu da, Belen Ruiz Soroa irakaslearen eskutik. Saioa urriaren 21ean izango da, Bizkaiko Psikologia Elkargoan.
Zinemakumeak gara!, esan bezala, urriare 27an abiatuko da ekitaldi batekin. Maria Urcelay aktoreak aurkeztuko du eta ekitaldian bi sari garrantzitsu emango dira: Simone de Beauvoir sariak Alauda Ruiz de Azua eta Maria Ripoll zinemagileen ibilbidea aitortuko du; Bihargi sariak, ostera, Al Borde Films ekoiztetxearen sortzaileak sarituko ditu aurten, hots, Sara Blanco Perez, Marta Gomez Calderon eta Paula Iglesias Rodriguez.
Ekitaldia “esperientzia sentsorial murgiltzaile bat” izango da, Maria Berasarte abeslariaren emanaldiari, Nerea Alberdik propio konposatutako musika-pieza baten estreinaldiari eta Estudio Gheadaren ikus-entzunezkoei esker.
Zinema garaikidea
Pantaila Handia da sail nagusia eta urriaren 28tik 31ra izango da, Alondegiko Golem zinemetan. Duela gutxi hainbat zinema-jaialditan estreinatu eta lehiatu diren nazioarteko zinema-lan berrien hautaketa zainduari esker, ikus-entzuleek proposamen interesgarri hauekin gozatu ahal izango dute, besteak beste: Lucrecia Martel zuzendari argentinar txalotuaren Nuestra tierra dokumentala; Sophy Romvariren Blue Heron; Mascha Schilinskiren Sound of Falling, eta Shih-Ching Tsou taiwandarraren La chica zurda. Gainera, Put Your Soul on Your Hand and Walk filmaren estreinaldia barne hartzen du hautaketak. Film horrek Palestinako genozidioaren lekuko bihurtuko du publikoa, Sepideh Farsi zuzendari irandarraren eta Fatma Hassona kazetariaren arteko bideo-deien bidez.
Egitaraua osatzeko, Saio Berezi bat egingo da urriaren 30ean BBK Aretoan. Eva Libertad zuzendariaren Sorda filma proiektatuko da, emakume gor batek amatasunaren aurrean dituen erronkei buruzkoa. Ondoren, Psikologia, feminismoa eta antikapazitismoa mahai-ingurua egingo da. Honetan, Vicenta Alonso de la Cruz, Aitziber Uriarte eta Iraia Nieto Merino adituek, besteak beste, zentzumen-desgaitasuna duten emakumeek bizi dituzten errealitateei buruz hitz egingo dute. Saioan, zeinu-hizkuntzazko interpretazioa egingo da.
Era berean, urriaren 30ean, adimen artifizialaren arloan aditu diren Laura Benitez eta Alejandra Bueno unibertsitate-irakasleen arteko elkarrizketa irekia izango da Bastida Aretoan. Genero-joeraz, iraultza teknologiko horren arrisku zein aukerez eta emakumeek kultur sorkuntzan duten presentzian eta irudikapenean AAk izan dezakeen eraginari buruz hitz egingo dute.