Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariak eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariak jendaurrean aurkeztuko dute proiektua. Literaktum Jaialdiaren baitan izango da hitzaldia azaroaren 23ko 19:00etan Okendo Kultur Etxeko eraikin historikoan.
Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait liburu eta erakusketa homonimoak diskurtso nagusietan oihartzunik eta lekurik ez duten emakumeen testigantzak nahiz argazkiak biltzen ditu. Donostiako Okendo Kultur Etxean ireki ditu ateak erakusketak urtarrilaren 28ra arte.
2018. eta 2021. urteen artean Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza-historiek eta erretratuek osatzen dute liburua eta Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik ikusi du argia. Erakusketak izen bereko liburua du oinarri, testu- zein irudi-narrazioa uztartzen ditu.
Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariak eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariak maiz erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxetan ipini dute arreta. “Nola egiten dio aurre emakume palestinar batek minbizia bezalako gaixotasun bati lurralde okupatuetan? Nolakoa da Indiako emakume alargun baten bizitza, egoera horren estigma dela-eta bizirauteko eta semea elikatzeko prostituzioan aritu behar badu? Nola bizirauten du bost urte zituelarik ‘Indiarrentzako Barnetegi’ batera indarrez eraman eta bere hizkuntza, kultura, eta jatorria ahaztera behartu zuten Ipar Amerikako emakume natibo batek? Zer nolako indarkeria pairatzen du emakume ijito batek, mespretxuzko eta susmo txarreko begiraden bidez, autobusean esertzen denean edo denda batean sartzen denean?”.
Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait lanak biltzen dituen kontakizunen protagonistak egiturazko indarkeria-testuinguruetan bizi edo hazi izan dira, hala nola okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio, arrazakeria edo asimilazio kulturaleko giroetan. Estrukturalak diren bortizkeria horiek, baina, modu bereizian islatzen dira emakumeen identitateetan, gorputzetan, subjektibitateetan, esperientzietan eta gizarte-harremanetan. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria patriarkalak adierazpen-sorta zabala hartzen du; generoak, arrazak, etnizitateak, klaseak, sexualitateak eta abarrek zeharkatutako harreman sozial, ekonomiko eta politikoetan gauzatzen den etengabeko eta eskala anitzeko botere-ariketa baita.
Azaldu dutenez, “sarritan erregistrorik, neurketarik ezta izenik ere ez duten bortizkeria forma horiek guztiak nola gurutzatzen diren eta emakumeen eguneroko bizitza nola baldintzatzen duten ulertzeko ahalegin bat da proiektu hau. Gizarte-egituren azpian ezkutatuta eta ikusezin dauden emakumeen aurkako indarkeriak argitara atera nahi ditu, eta emakumeei buruzko diskurtso homogeneizatzaileak apurtu, beren burua defendatzen duten eta aurka egiten duten gorputzen irudiekin ordezkatzen dituzten narratiba berriak sortuz”.