Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza oihal fabrika izan zen pasa den mendean. Hala, bertan lan egindakoak eta egiten dutenak batuko dira ekimen honen inguruan.
Amasa-Villabonako Udalak Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimena jarri du martxan, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Eraikina 1880tik 1960ra oihal fabrika erreferentea izan zen eta langile asko emakumeak ziren. Egun, Bertsozale Elkartearen egoitza da eta bertsolaritzak eta bereziki emakumeek egindako lana ere nabarmendu nahi du udalak. Gainera, oihal fabriketan bertsotan aritzen ziren langileak.
Hala, Subijana eraikinaren iragana eta oraina islatuko dituen horma-irudia jarriko da fatxadan, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztua, Maialen Lujanbioren bertsoarekin.
Gainera, ekainaren 7an eraikinean bisita gidatua egingo da, 17:00etan. Fanny Alonsok oihal fabrika zaharraren berri emango du, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak gonbidatuko dira bereziki, elkarrizketan aritzera. Bestalde, Bertsozaleko kideek elkarteak Subijanan egiten duen lana azalduko dute.
Arratsaldeko 18:00etan, berriz, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma-irudian islatu dutena azalduko dute. Maialen Lujanbioren bertsoa ere plazaratuko da ekitaldian.
Amaitzeko, oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioa izango da. “Bertso saio tematikoak aukera emango digu 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko, baita garaian Villabona inguruan bertsolaritzak zuen indarraz jabetu eta fabrikako bat-bateko bertsoaldiak bizitzeko ere, historiako emakume bertsolarien berri ikasiz. Bertsolaritzaren memoria berreskuratzea ere badu helburu bertso saioak”, azaldu du elkarteak.