(argazkia: Gatibu)

Emergentziazko egoera batetik elkarrekin irtetzeko aldarria da Gatiburen disko berria

Musikak salbatuko gaitu da Gatibu taldeak gaur, Bilbon, aurkeztu duen lan berriaren izena.

2020 honek bi hamarkadako ibilbidean mugarri izan behar zuen Gatibu taldearentzat. Iaztik, martxoaren 28an, Bilboko Bilbao Arenan, belaunaldi askotako milaka lagunekin 20. urteurrena ospatzeko kontzertua antolatzen ari ziren, ñabardura txikiena ere maitasun handienarekin lantzen. “Kontzertutzar hori talde legez ditugun erronkei aurre egiteko indarrak biltzeko kontzertua izatea gura genuen, sortzaile legez, orain arte sortu dugunetik, musika bide berriak urratzeko”, adierazi dute.

Baina, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, laukote bizkaitarrak zuzenekoa atzeratu behar izan zuen. Erabaki horrek, hala ere, ez ditu taldekideek duten musikarekiko grina apaldu. “Zalantzak izan ditugu, gure ofiziokide askoren antzera, ziurgabetasun egoera honetan, zeinetan euskal kulturgintzak kolpe larria jaso duen, gelditu, isildu eta egoerak hobera egin arte itxaron edo ez”, kontatu dute. Zalantza horrek baina, gutxi iraun du, “musika bera eta zaleekin gure kantak sortzea eta oholtza gainean partekatzea da bizirik sentiarazten gaituena.

Hala, Musikak salbatuko gaitu emergentziazko egoera batetik elkarrekin irtetzeko aldarria dela dio taldeak. “Elkarrekin bizitzeko gaude”.

Diskoaren izen bereko kanta da lana irekitzen duena, horren ostean, beste bost pieza datoz: Egurre emon, Zure bila,  Zure ahoan lore bat (Kirmen Uribe eta Eñaut Elorrieta izan dute alboan kanta hau sortzeko), Egunero eta Bixotzetik.

Lana urriaren 17tik 25era grabatu zuten, Kataluniako Banyeres del Penedèsen dagoen La Casamurada estudioan. Ekoizle lanetan Ricky Falkner aritu da, grabaketa eta nahasketak Jordi Morak egin ditu eta Victor Garcia masterizazioaz arduratu da. Ilustrazioak eta diseinu grafikoa Diego Mirrek eta Dani Requenik egin dituzte.

Zabaldu: